Ohi duten moduan, Arabako Zanbrana herrian dagoen "El Castillo" ehiza barrutian batu ziren Gipuzkoako ehiztari onenak. Senior gizonezkoen mailan 28 ehiztari lehiatu ziren, tartean Elgoibarko La Union elkarteko hiru ordezkari. Hirurak sailkatu ziren lehen hamar sailkatuen artean. Arkaitz Egaña Bastidak irabazi zuen txapelketa, nagusitasun handiz. Sei eper eta galeper bat ehizatuta 3.106 puntu lortu zituen, bigarrengoak baini ia 1.000 puntu gehiago. Honekin, Gipuzkoako txapelketan eskuratu duen bosgarren txapela da Arkaitzentzat. Eperra Elkarteko ordezkari Mario Jurado sailkatu zen bigarren postuan 2.204 punturekin (lau eper eta bi galeper) eta Txantxangorri elkarteko Asier Arrizabalaga sailkatu zen hirugarren postuan, 2.104 punturekin (lau eper eta galeper bat).
Elgoibarko ehiztariei dagokionez, Iban Bello seigarren postuan sailkatu zen, hiru eper eta hiru galeper ehizatuta, eta Carlos Conde bederatzigarren postuan sailkatu zen, hiru eper eta galeper batekin. Gipuzkoako txapelketako lehen sei sailkatuek Euskadiko Ehiza Xehe Txapelketarako sailkatzea lortu dute. Domekan, urriaren 13an, jokatuko dute Zanbranan. Gizonezkoak bakarrik lehiatuko dira, emakumezkoen Euskadiko Txapelketa otsailea arte atzeratu baitute Emakumezkoen Espainiako Ehiza Xehe Txapelketarekin bat egiten zuelako.
Leire Egaña Espainiako txapelketan
Senior emakumezkoen mailan hiru lehiakide izan ziren eta Leire Egaña Bastida izan zen onena, lau eper eta faisai bat ehizatuta. Zazpigarren Gipuzkoako txapela du honakoa. Txori-toki elkarteko ordezkari Ainhoa Toledo sailkatu zen bigarren postuan, lau eperrekin; eta, Anuska Bretañaremntzat (Basollua) izan zen hirugarren postua.
Leire Egañak Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan hartuko du parte asteburuan. Puebla de Alcocer (Badajoz, Espainia) jokatuko dute txapelketa urriaren 12an. 30 ehiztari lehiatuko dira, tartean iazko txapelduna, María Fernández. Egaña bederatzigarren postuan sailkatu zen iazkoan, eta postu hori ontzeko asmoarekin joango da Extremadurako lurretara, txapeldunorde ere izana baita birritan, 2018an ea 2019an. Han eper gorria izango dute ehiza nagusia.