Herriko Antzokiko ekitaldian, lanbide heziketako irakasle, ikasle eta langileak batu dituzte; izandakoak eta diren batzuk, eta hain justu oraina osatzen duten hiru ikaslek egin dituzte ekitaldiaren aurkezpen-lanak ere.
Hasierako aurkezpenen ondotik, Alaitz Bastida IMHko zuzendariak eta Jose Mari Beristain MEKAko zuzendariak egin dituzte atarikoak. Gaur urtebete hasitako urteurrenaren ospakizunak zerrendatu ditu Bastidak, ekintza asko eta askotarikoak egin baitira urtebetean Elgoibarren, urteurrena prestatzen ibili diren batzordekideen ekimen eta konpromisoz eta erakunde publikoen, babesleen eta beste norbanako askoren laguntzarekin, eta atzera begirako laburra egin du Beristainek.
1.200 ikasle daude Elgoibarren Lanbide Heziketan
Gaur bete dira 126 urte Elgoibarko lehen Marrazketa Akademia sortzeko akta sinatu zutenetik Elgoibarko udaletxean, artisautza industriako langileen prestakuntza hobetzeko, eta geroztik hazi eta hazi egin da lanbide heziketako eskaintza, hezkuntza sistema berritu bihurtzeraino, industria modernoaren beharretara egokituta eta unibertsitatera zabalduta. Urte guzti hauetan lanean jardun diren lagunei beren esker ona agertu diete IMHko eta Mekako zuzendariek, bai eta urte guzti hauetan gertu izan dituzten instituzio publiko, enpresa, industria-elkarte, erakunde eta babesle guztiei ere, eta nola ez, baita gaur irakasle-lankide eta ikasle dituztenei ere. Elgoibarren, 1.200 ikasle daude Lanbide Heziketa egiten. 11.000 biztanleko herri batentzat zifra esanguratsua dela adierazi dute, Elgoibarren zerbait ondo egin izan dela erakusten duen zifra dela azpimarratu dute.
Hitzez eta irudiz lagunduta egin dute errepasoa, haien hitzartzearen ondotik zazpi minutuko bideoa proiektatu dutelako, esandako guztia iruditan bilduz. Bideoaren ondoren, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeari eman diote hitza, etorkizuneko erronkei begira jartzeko.
"Mundu konplexu eta aldakorrera" egokitzea, erronka handia
Labakak aitortu du 125. urtemuga hasteko Elgoibarren gaur urtebete egin zuten ekitaldia izan zuela kargua hartu ondorengo lehenengoa, eta esan du ohore bat dela beretzat gaur itxierara gonbidatu izana. Elgoibarren Lanbide Heziketa martxan jarri eta aldaketa eta erronka berrietara egokitzeko lan egin duten guztiak izan ditu gogoan Labakak, eta gaur egungo "mundu konplexu eta aldakorrera" egokitzea erronka handia dela aitortu du. Lortuko bada, malgutasun handia izatea eta sarean lan egiten asmatzea ezinbesteko izango direla nabarmendu du sailburuordeak eta konfiantza osoa agertu du Lanbide Heziketan ardura hartuta dabilen jendearekiko, gaur garena bagara, lankidetza eta elkarlanerako borondate hori egon delako izan delako haren ustez. "Nik ez dut beste inon ikusi hemen ikusten dudana: ikastetxe publikoak eta itaunpekoak elkarrekin lanean. Hori da gure ezaugarria eta sarean lan egiteko dugun ohitura hori da dugun onena, zor dieguna zuzendaritzetan izan direnei eta beste irakasle askori, haien inplikazioagatik eta ausardiagatik lortu dugulako".
Aitortza hainbat laguni
Sailburuordearen hitzaldiaren ondoren, hainbat lagun igoarazi dituzte oholtzara eta goizean landatutako landareen adaxka bana jaso dute haiek Maialen Gurrutxaga alkatearen eta IMHko eta Mekako zuzendarien eskutik. Ordezkari gisa igoarazi dituzte eta honako hauek izan dira: Jose Mari Bastida Mekako zuzendari ohia; Joxean Egaña IMHko zuzendari ohia; Kontxi Arana Mekako irakasle izandakoa; Santi Sastre IMHko irakasle izandakoa; Ignacio Fernandez de Jauregi lanbide heziketako ikasle ohia; Gloria Mugertza Oria lanbide heziketako ikasle ohia; Arrate Berasategi Mekako langile ohia eta Fernando Montero IMHko langile ohia.
Ekitaldia Maialen Gurrutxaga alkateak itxi du. Aurreko denen ildo beretik esker on berbak izan ditu urte guzti hauetan lanbide heziketaren alde lan egin duten guztiei, baina esker on bereziak izan ditu 125. urtemugao ospakizunak antolatzen jardun diren batzordekideentzat. Banan-banan aitatu ditu haien izen-abizenak eta txalo zaparrada batez erantzun du publikoak. Gurrutxagak esan du balio sendodun jendea izan dela eta dagoela Elgoibarren lanbide heziketan eta haien guztien ilusio, ausardia, ekiteko gogo eta elkarlanerako borondate eta gaitasunaren emaitza dela gaur duguna eta etorkizunean izango duguna."Historia idatzita dago, baina jarraituko dugu idazten", azpimarratu du.
Bukatzeko, mokadua eman diete gonbidatu guztiei Maalako parkean, eta familia-argazkia egiteko ere probestu dute momentua.