Salbuespenak salbuespen, abuztuko KPI indizean oinarrituta, %2,8 igoko dituzte ordenantza fiskalak datorren urterako. Zabor bilketaren eta ezabaketaren tasa mankomunitateak ezarritako arau eta jarraibideen arabera eguneratzen da, eta, hortaz, % 5 igoko dute. Udal kirol-instalazioetako tarifak, berriz, % 8,5 garestituko dira, baina gizarte-izaerako dirulaguntzaren bat jasotzen dutenek %70eko deskontua jasoko dute, eta guraso bakarreko familiek %30ekoa.
Elgoibarko Udalak adierazi du konpromiso sendoa duela bere eskura dauden baliabide ekonomikoak eta giza baliabideak modu arduratsuan eta eraginkorrean kudeatzen jarraitzeko. Gobernu Taldearen hitzetan, eguneraketa hau "ezinbestekoa" da udal zerbitzuen kalitatea bermatzeko eta datozen urteetan udalerriaren garapenerako beharrezko proiektuak aurrera eramateko.
Ordenantza fiskalen aldaketak, sailen proposamenen arabera
2026ko ordenantzetan hainbat zehaztapen eta aldaketa txertatu dituzte, "udal sailen proposamenak aintzat hartuta".
• Ogasun Saila:
- Ibilgailuen Zergan, familia ugarientzako hobariaren eskaera urtarrilaren 1etik 31ra egin beharko da, OHZren antzera.
- EPEen tasetan “hobari” hitza kendu eta “murrizpena” erabiliko dute (%100eko murrizpena desgaitasun =%33 dutenentzat).
- Auto-taxi lizentzien transmisioetan eskuratzailea izango da tasa ordaindu behar duen subjektu pasiboa.
• Hirigintza Saila:
- Panteoi eta emakidako nitxoen titulartasun aldaketagatiko tasa ezabatuko dute.
- Eraikinak lehen aldiz erabiltzeko baimenaren tasak egokituko dituzte, etxebizitza, industria eta merkataritza-eraikinen tamainaren arabera.
- Terrazak jartzeagatiko tasak berrantolatu dituzte, kale eta plazen araberako tarifa desberdinekin.
- Hilobiratze zerbitzuak emateagatiko tasak berrikusi dituzte, kanpoko enpresa baten kudeaketara egokituta.
• Ongizate Saila:
- 2025ean jasotako baldintzak mantendu dituzte Eguneko Zentroaren eta Etxez Etxeko Zerbitzuaren tasetan.
- Adinekoentzako Eguneko Arreta Zerbitzua: 40 €/hilean; gizarte-laguntzak jasotzen dituztenentzat 20 €/hilean.
• Gazteria Saila:
- Ludoteka zerbitzua ordenantzetatik kendu dute.
- Gazteria Sailaren jardueretan zehaztu da “ordaindu behar direnean” aplikatuko dela.
- Deskontuetan, langabetuek eta Gazte Txartela edo Ikasle Txartela dutenek %30eko murrizpena izango dute (orain arte %20koa zen).
• Hobariak
- %70eko deskontua gizarte izaerako dirulaguntzaren bat jasotzen dutenentzat (diru-sarrerak bermatzeko errenta edo gizarte-larrialdietarako laguntza)
- %30eko deskontua guraso bakarreko familiarentzat.
EH Bildu, kontra
Ezkerreko koalizioak kontrako notoa eman dio Udal Gobernuaren proposamenari, esanez Udal Gobernuak progresibitatean sakontzeari uko egin diola, hilerriaren kudeaketa pribatizatzeko erabakia hartu duela, erabaki hori justifikatzen duten datu eta azalpenik eman gabe, eta EH Bilduren gainerako proposamenak aztertu gabe baztertu dituela.
EH Bilduk hiru printzipiotan oinarritu du bere proposamena: progresibitatean, zerbitzu publikoak indartu eta hobetzeko beharrean, eta tasek eta zergek islatu behar duten zergaren oinarrian. Progresibitatearen esparruan, hobari sisteman sakontzeko beharra azpimarratu dute, batez ere, diru-sarrerei erreparatuta. Zerbitzu publikoei dagokienez, gobernu-taldeak hilerriko zerbitzuaren kudeaketa pribatizatzeko erabakia hartu duela diote, erabaki hori justifikatzen duen datu objektiborik eman gabe. Tasen kalkuluari dagokionez, bestalde, funtsezkoa dela diote tasak zer zergapetzen duten adieraztea.
Lotura duten albisteak:
- 2025erako ordenantza fiskalak %2,6 igotzea onartu du Elgoibarko Udalak (2024-09-26)
- Ordenantza fiskalak %2,7 handituko dira datorren urterako, eta zaborraren gaineko tasa %10ean (2023-09-27)