Ordenantza fiskalei buruzko proposamenak egin ditu Elgoibarko EH Bilduk

Barren 2025ko ira. 29a, 09:09

Hondakinak kudeatzeko Hondakinen Mahaia martxan jartzea proposatu du EH Bilduk.

2026ko ordenantza fiskalei hasierako onespena emateko osoko bilkuraren udalbatzarra egingo dute martitzenean (18:30), eta aurkeztuko dituzten proposamenak aurreratu ditu EH Bilduk. 

Koalizioak azpimarratu duenez, hiru printzipiotan oinarritu dituzte ordenantza fiskalen gaineko euren proposamenak: Zerbitzu publikoak indartzeko eta hobetzeko beharra da lehena, egun enpresa pribatuek kudeatzen dituzten kasuetan, zehaztu dutenez. Bigarrengoz, udal zergen eta tasen progresibitatean sakontzeko beharra dagoela uste dute, eta horrek hobari-sistema bat ezartzea eskatzen duela, "desberdintasun sozioekonomikoek sortutako arrakala murrizteko". Azkenik, zergek eta tasek zergaren oinarria islatu behar dutela defendatzen dute, zeharkako aldagaiak beharrean. 

Honenbestez, honakoak dira udalbatzarrean egingo dituzten proposamen zehatzak. Batetik, udal ordenantzetan genero ikuspegia txertatzea eskatuko dute. "1/2023 Legegintzako Dekretuaren 7. artikuluan, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan, EAEko udalek bete behar dituzten eginkizunei jarraituz, zergei, tasei eta prezio publikoei dagozkien datu guztiak sexuaren arabera bereiztea, Ordenantza Fiskalen aplikazioak emakumeen eta gizonen berdintasun printzipioaren araberakoa den aztertzeko eta datuen jarraipena egiteko".

Hondakinak kudeatzeko proposamena ere plazaratu du EH Bilduk. Pertsona eta familia-unitateen diru-sarreren araberako hobariak ezartzeko taula bat definitzea da egiten duten proposamen zehatza, "7/2022 legeak baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak eta familia-unitateei tasa murrizteko aukera erabiliz". Aurrekoari lotuta, hondakinen mahaia aktibatzea eskatu dute. Gogora ekarri dutenez, Elgoibarko Udalak 2016an onartu zuen, "aho batez", Hondakinen Mahaia martxan jartzea. Egungo birziklapen maila hobetzea eragozten duten arazoak identifikatzea eta datuen jarraipena egitea ziren mahai horren zereginak.

Kirol instalazioetan %30eko hobariak eskaintzea proposatu dute, gutxiengo errentatik behera daudenentzat, betiere familia unitateko kideak kontuan hartuta. Gutxiengo pentsioa baino errenta txikiagoa duten pertsonentzako ere %30eko hobaria proposatzen dute. 

Etxebizitza politikari dagokionez, alokairua sustatzeko neurriak beharrezkoak direla nabarmendu dute. Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ), %100eko errekargua ezarri beharko litzatekeela uste dute, "Etxebizita Eskubideari buruzko Legeak ezarritako epeetan eta justifikatu gabeko arrazoiengatik modu iraunkorrean hutsik dauden higiezinei". 

Terrazen ordenantzari buruzko proposamena ere jakinarazi dute: "Kaleak mahai eta aulkiekin okupatzeagatik ordaindu beharreko tasa, erabilitako lurzoru publikoaren azaleraren arabera kalkulatzen jarraitzea, eta ez erabilitako mahaien kopuruaren arabera, proposatzen den bezala. Azken metodo horrek ez duelako erabiliko den azalera garbiki mugatuko". 

Herri barruko mugikortasunean, Herribusa eta auzo-taxi zerbitzuen gaineko proposamenak egin dituzte. Herribusari dagokionez, "MUGI sistemak ezartzen dituen hobariak Herribusaren beste erabiltzaile batzuei zabaltzea, sistema hori ezarri arte". 15 urtetik beherakoentzat eta kolektibo kalteberentzat doakoa izan beharko litzatekeela diote. Herribus zerbitzurako tarifa orokorra ere zehaztu dute, euro bateko kostua izan beharrean 50 zentimokoa izatea, alegia. Auzo-Taxi zerbitzua hobetu eta pertsona gehiagorengana iristeko proposamena ere badute: "Sigma, Altzola, Erretxindi eta San Antolingo bizilagunentzako Auzo-taxi zerbitzua zabaltzea 65 urtetik gorakoentzat edo %33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonei, 3 euroko prezioan zerbitzu bakoitzeko". 

Azkenik, Ehorzketa zerbitzua udal zerbitzu publiko gisa mantentzearen alde daude, zerbitzu horretan beharrezkoak diren segurtasun baldintzak eta prozedurak jarraituz.