Ordenantza fiskalak %2,7 handituko dira datorren urterako, eta zaborraren gaineko tasa %10ean

Barren.eus 2023ko ira. 27a, 14:59

Elgoibarko Udalaren atzoko Osoko Bilkuran onartu zuten datorren urterako ordenantza fiskalak eguneratzea,  EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin. EH Bilduk kontra bozkatu zuen.

Abuztuko KPI indizea kontuan hartuta egin dute eguneraketa: tasa fiskalak %2,7 handituko dituzte, eta salbuespena izango da zaborraren gaineko tasa, %10ean handituko dutena. Azaldu dute baita ere Debabarreneko Mankomunitateak %10,242ko igoera aplikatu diola Udalari.  "Dirutan familia bakoitzari 1,71 euroko igoera suposatuko dio hilean", azaldu zuten. Abuztuko KPI indizea kontuan hartuta egin dute eguneraketa: tasa fiskalak %2,7 handituko dituzte, eta salbuespena izango da zaborraren gaineko tasa, %10ean handituko dutena. Atsegin Uzuriaga Ogasun zinegotziak azaldu zuen baita ere Debabarreneko Mankomunitateak %10,242ko igoera aplikatu diola Udalari; Udalak herritarrei aplikatu dien igoera baino handiagoa:  "Udalaren igoera honek dirutan familia bakoitzari 1,70 euroko igoera suposatuko dio hilean", azaldu zuen. Azken lau urteotan tasak ia izoztuta egon direla azaldu zuen  Maialen Gurrutxaga alkateak: "Azken 4 urteetan, tasak ia izoztuta mantendu ziren, eta Udalak bere gain hartu zuen karga osoa, hau da, 2.274.000 euro guztira". Aurten, beraz, "udalerriaren egonkortasun ekonomikoari eusteko eta herritarrei kalitatezko zerbitzuak emango zaizkiela bermatzeko", tasak eguneratzea erabaki dute. 

Udalak hobariak emango ditu,  baliabide gutxien dituzten familiei laguntzeko. Hobariak printzipio honetan oinarritzen dira: gizabanako bakoitzak behar duen laguntza jaso behar du gizartean benetako berdintasuna lortzeko. Hobari horiei esker, baliabide gutxien dituztenek gutxiago ordain dezakete. Adibidez, hobariak familia ugaria izateagatik. Hobarien ehunekoak diru-sarreren eta seme-alaba kopuruaren arabera kalkulatuko dira. Esanguratsuenak EIOZn, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zergan, dauden hobarien gehikuntzak dira, araudiak baimentzen duen mugaraino.

Ordenantza fiskalak eta kobrantza egutegia herritarren eskura daude www.elgoibar.eus web orrialdean.


 • EH Bildu, kontra

EH Bilduk Udal Gobernuak proposatutako igoeraren kontra bozkatu zuen, eta esan zuten fiskalitateari buruzko eztabaida sakon baten beharra ikusten dutela. "Fiskalitatea aberastasuna birbanatzeko tresna izanik, eta azken urte eta hilabeteetan biztanleriaren egoera sozioekonomikoak okerrera egin duela kontuan hartzen badugu, fiskalitate eredu progresibo batean sakondu beharra dugu".  Fiskalitate  progresibo eta solidarioa eraiki behar dela gaineratu zuten, herritar guztiei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzeko, baina "zoritxarrez", EAJ eta PSE-EE bikoteak fiskalitate eredu kontserbadoreari eustea egotzi zieten.  

EH Bildutik tasa eta prezio publikoetarako hobari taula bat aplikatzea proposatu dute, familia unitateen kide kopurua eta errenta maila kontuan hartzen duena, hondakinak, Herribusa edo kirol-instalazioen tarifetan aplikatuko litzatekeena. Era berean, etxebizitza politikan sakontzeko garaia iritsi dela uste dute, hutsik dauden etxebizitzak alokairura bideratuz, sektore desberdinen emantzipazioa ahalbidetzeko.