Aitor Saizarrek eta Alazne Apalantzak irabazi dute Elgoibarko Rallysprinta

Barren 2025ko ira. 30a, 12:36

Probako podiuma Maalan. Arg: Ander Zelaia / Kastinparro

Elgoibarko Rallysprinta, Euskadiko Rallysprint Txapelketako azkenaurreko proba puntuagarria jokatu zuten zapatuan, Azkarateko errepide zaharrean.

Zazpi probek osatzen dute Euskadiko txapelketa, eta azkenaurrekoa izan zen Elgoibarkoa. Ekainean jokatu zuten hirugarrengoa, Etxebarria eta Elgoibar artean jokatu zuten San Miguelgo Rallysprinta, eta orduan moduan, Aitor Saizar pilotua eta Alazne Apalantza kopilotua gailendu dira Azkaraten ere, Peugeot 207 S2000 autoarekin. 

"Aurkari gogorrak" eduki arren egindako lanarekin gustura ziren proba amaieran Saizar eta Apalantza. "Lan ona egin dugu eta Gorka Aginagari ere zor diogu aipamena eta esker ona, autoa zoragarri joan delako", azaldu zuen Apalantzak. "Ni pozik 18 urte eta gero berriro txapela irabazteagatik, baina penaz anaiari gertatutagoagatik", gaineratu zuen. Izan ere, Aitzol Apalantza zen proba irabazteko faborito nagusia Saizarrekin batera, baina ezin izan zuen lasterketa bukatu. Aingeru Castrok eta Xabat Urreistik lortu zuten bigarren postua BMW M3 E4 autoarekin eta Gorka Idigoras eta Nerea Campos sailkatu ziren hirugarren postuan, Peugeot 208 Rally 4 batekin. 
Unai Usobiaga eta Julen Guenetxea elgoibartarrak H1 kategorian lehiatu ziren eta eurak izan ziren onenak, Peugeot 205 GTI autoarekin (euren adierazpenak beheragoko bideoan). 

Balorazio "ezin hobea"

Kaspinparro Racing taldekoak pozik daude eta balorazio "ezin hobea" egin dute probaren bigarren edizioaz. "Zaleek bikain erantzun zuten eta giro aparta izan genuen proba osoan zehar. Are gehiago jakinda egun berean izen handiko probak jokatu zituztela Lesakan eta Llanesen, Asturiasen, eta hala reta guztiz ere, uste baino jende gehiago gerturatu zen. Bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu posible egin duzuen guztioi: Elgoibarko Udalari, laguntzaileei, babesleei, komisarioei, kronometratzaileei, boluntarioei eta lasterketa aurrera ateratzeko bere alea jarri duen guztieri. Zuek gabe hau ez litzateke posible izango. Oso harro gaude egindako lanaz eta gure helburuak bete izanaz. Orain 2026an pentsatzen hastea besterik ez zaigu geratzen", adierazi dute.

Irudiak: Kaspinparro Racing eta Euskal Automobilismo Federazioa.

Bideoan: (Irudiak EAF)

Hona hemen Rallysprinteko irudi ikusgarriak O Gorrotxak eginiko bideoan: