Elgoibarko Rallysprintaren bigarren edizioa jokatuko dute zapatuan Azkarateko errepidean

Barren 2025ko ira. 24a, 16:16

Irailaren 27an, zapatua, jokatuko dute Elgoibarko 2. Rallysprinta, Azkarate mendateko errepide zaharrean.

Elgoibar eta Azkoitia arteko Azkarate mendateko errepide zaharrean jokatuko dute proba. Azkoitiko Olaran baserrirako bidegurutzearen ingurutik aterako dira autoak Elgoibar aldera, 14:00etan. Elgoibarko Sallobenterako bidegurutzetik gertu izango dute helmugako marra. Hiru txandatan lehiatuko dira pilotuak, erlojupekoan, 8,65 kilometroko ibilbidean.

Trafikoarentzat itxita egongo da Azkarateko errepide zaharra, 12:45etik 20:00etara. Proba hasi aurreko egiaztatze teknikoak Aita Agirre plazan egingo dituzte, 08:30etik 11:20ra. Gero Kalegoen plazan elkartuko dira auto guztiak, 12:30ean, briefing-a egiteko. Sari banaketa ekitaldia 20:00etan egingo dute.

Hona ibilbidea Ivan Muñozen eta Gabino Martínezen Porsche 997 GT3 autoaren barrutik, iazko proban.

Euskadiko Rallysprint Txapelketarako puntuagarria

Etxebarriko (Bizkaia) Kastinparro Racing taldeak antolatu du Euskadiko Rallysprint Txapelketarako puntuagarria izango den proba. Zazpi probek osatzen dute txapelketa eta azkenaurrekoa izango da Elgoibarkoa. Gorka Idigoras (Esko Motor - Peugeot 208 R4) eta Aitzol Apalantza (Ikullu Razing Skoda Fabia R2/BMW M3) daude behin-behineko sailkapen nagusiko lehen bi postuetan, 115 eta 111 punturekin. Iazkoan Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel gailendu ziren Elgoibarren, eta Euskadiko txapela ere eurek eskuratu zuten. 

Trafiko-mozketak

Elgoibarko Udaletik jakinarazi dutenez, segurtasuna bermatzeko hainbat trafiko-mozketa egingo dituzte zapatuan. Honako hauek:

  • San Frantzisko, San Bartolome eta Errosario kaleak itxita egongo dira ibilgailu motordunen joan-etorrietarako.
  • Santa Ana (1-26) itxita egongo da ibilgailu motordunen joan-etorrietarako, garajeetara sartzeko izan ezik.
  • Pedro Migel Urruzuno eta Antonio Arrillaga itxita egongo dira ibilgailu motordunen joan-etorrietarako, garajeetara sartzeko izan ezik.
  • Udalbusa ez da Aita Agirrera sartuko.

Garajeetako sarrerei eta irteerei dagokienez:

  • Pedro Migel Urruzuno eta San Frantzisko 21: 08: 30etik 12:00era, ahal den neurrian, sarrera eta irteerak ahalik eta gehien murrizteko eskatzen da.
  • Trenbide (sarbidea Aita Agirretik) eta San Frantzisko 1etik 19ra: sarrera eta irteera erabat itxita 08:30etik 12:00era.
  • Antonio Arrillaga, Ubitarte eta Santa Ana 1etik 26ra: 08:30etik 14:30era, ahal den neurrian, sarrerak eta irteerak ahalik eta gehien murrizteko eskatzen da.