Olatz Astigarraga Castañares Ikastolako lehendakariak, Iera Larrañaga Egiguren Kilometroetako koordinatzaileak eta Aitor Elizaran Egidazu Kilometroak kultur elkarteko lehendakariak hartu dute hitza, Ikastolako hainbat ikaslerekin batera, Aita Agirre Kulturgunean egin duten aurkezpenen ekitaldian.
Bi helburu: elkarlana eta euskararen erabilera
Helburu ekonomikoaz gain, bi helburu izan ditu Kilometroak ekimenak Elgoibar Ikastolarentzat: batetik, elkarlana, parte-hartzea eta lankidetza oinarri hartuta, komunitatea sendotzea. Olatz Astigarrak azaldu du parte-hartze sozial aktiboan sinisten dutela eta horri balioa ematea dutela helburu. Bestetik, euskaraz gehiago eta gehiagok egitea nahi izan dute, eta salto-saltoka lemapean, soka izan da euskararako bidea egiteko zubia. Gutxienez ehun helduk euskarara salto egiteko erronka jarri dio Ikastolak bere buruari.
Bi ardatz horiek kontuan hartuta osatu zuten leloa eta logoa: salto saltoka. Kolorezko sokekin osatu zuten logoa, eta elkarrekin euskarara salto egitera bultzatu nahi izan dituzte helduak. Eta hain zuzen ere, horixe izan zen kantua sortzeko oinarria ere: helduen euskara-erabilera sustatzea. Eneko Beretxinagak sortu zuen kantuaren letra eta Aitor Novak jarri zion musika. Jone Arriola elgoibartarrak zuzendu zuen bideo-klipa, eta ikastolako komunitateko ehunka guraso, irakasle eta ikaslek hartu zuten parte grabazioan. (Ikastolaren Egunean aurkeztu zituzten kantua eta bideoklipa)
Elgoibar Ikastolatik euskaraz bizitzeko gonbitea egin diote herriari urte osoan zehar, eta urriaren 5ean ere euskararen aldeko hautua egiteko eskatu dute, bai txosnagunean, bai kontzertuetan eta baita herriko ibilbide guztian zehar ere.
Bi omendu: Aubixako Maritxu Loiola eta Aspanogi elkartea
Euskara sustatzeko helburuarekin Elgoibarko Aubixa baserrian lanean urte luzez aritu den Maritxu Loiola Ugartebururi eta Aspanogi elkarteari omenaldia egiteko baliatuko du Kilometroak jaia Elgoibar Ikastolak.
Maritxu Loiola Idotorbe auzoko Aubixa baserrian jaio zen 1948an. Ama zuen bertakoa eta aita ere auzotarra, Usatorre baserrikoa. San Pedroko eskolan ibili zen umetan eta 20 urte zituela joan zen kalera bizitzera. Andres Alberdik lagunduta D eta B Euskara tituluak atera zituen UNEDen, Bergaran, eta ondoren, bi urteko itzulpengintza ikasketak egin zituen Donostian. Euskara irakasten hasi zen, hasieran ikastolaren lokaletan, eta ondoren, udal langileei. Elgoibarko Udaleko lehenengo itzultzailea izan zen, baina horrez gain, kultura bultzatzeko lanak ere egin zituen, besteak beste, jaialdiak antolatu, azoka bultzatu... Bere aitak Elgoibarko Izarrarekin sinatutako hitzarmenari esker, Aubixa baserria aterpetxe izateko moldatu zuten. Hasierako urteetan ikastolako umeak joaten ziren uda pasatzera, eta 1992tik euskal girotze barnetegi moduan funtzionatzen du. “Bizitza osoa euskararen zerbitzura” emateagatik egingo diote omenaldia Loiolari. Ikastolako arduradunek esan dutenez, “Elgoibar Ikastolaren sorrera amestu zutenek 1962an zuten helburu bera islatzen du Aubixa baserriak: euskararen berpizkundea, arnasa eta bizia; elkarlana eta konpromisoa; ilusioz pentsatutako eta bihotzez gauzatutako proiektua. Eta hori guztia, beti irribarre baten indarrarekin”.
Bigarren omendua Aspanogi elkartea izango da. Minbizidun haurrei eta haien familiei laguntzen aritzen den elkartea da, eta 30 urte betetzen ditu aurten. “1996tik, elkarte honek ez du bakarrik laguntza praktikoa eskaini: maitasuna, babesa eta indarra ere eman ditu”, adierazi dute ikastolatik. Aspanogik bere ibilbidean bi elgoibartar ere ezagutu ditu gertutik: Ane Perez eta Oier Etxaniz. Ane Pirata izan zen Ane Perez, eta Euskal Herri osoan ezaguna egin zen Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei esker. Eskerrik asko ikuskizuna sortu zuten pailazoek 2007an , Aspanogi elkartearen eta Donostiako ospitaleko langileen laguntzarekin, eta Ane Pirata izan zen ikuskizunaren musa. Oier Etxaniz, berriz, Aspanogiko boluntarioa izan zen eta minbizidun haurrei ospitaleko egonaldia alaitzen saiatzen zen. Gaur egun haren ama Lourdes Beneitez da elkarteko boluntarioa.
Hiru gune eta azpigune bat
Kilometroetako koordinatzaile Iera Larrañagak azaldu duenez, hiru gune eta azpigune bat izango dira Elgoibarko Kilometroak-en, "adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta ikuskizunekin": gazteentzat Erronka probak izango dira herri osoan zehar, txikientzat egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak eta, hainbat musika taldek kontzertuak emango dituzte. Indarrak hartzeko eta jan-edanarekin hornitzeko guneak ere ez dira faltako. Horrekin lotuta, ikastolako frontoian 450 lagunentzatko jangela prestatu da. 13:00etatik 15.30-16:00etara eskainiko dira bazkariak frontoian. Helduentzat, paella eta oilaskoarekin osatutako menua egongo da, eta haurrentzat makarroiak eta oilaskoa. 18 euro ordaindu beharko da helduen menua, eta 12 umeena. Txartelak egunean bertan, Ikastola gunean erosteko aukera egongo da.
Jaiak gune seguruak izateko eskaera
Elgoibarko Kilometroen antolakuntzak azpimarratu du ez dutela onartuko inolako eraso matxista, LGTBIfobiko edota arrazistarik. "Jaiak gune seguruak izan behar dute eta bertan parte hartu nahi duen edonorentzat gozamenerako gune", esan dute eta Kilometroak tratu onen aldeko eta eraso matxistarik gabeko jaia izatea nahi dutela azpimarratu dute. Hori bermatzeko eta kilometroetara bertaratuko diren guztiak sentsibilizatzeko, gune bakoitzean puntu more bana egongo da.
Garraio publikoa erabiltzeko eskaera
Urriaren 5ean Elgoibarrera etortzeko tren eta autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte martxan (kilometroak.eus webgunean izango dira xehetasunak), eta horiek erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek. Edonola ere, sei aparkaleku gune ere prestatuko dituzte, eta autokarabanentzako gunea ere izango da Mintxetan.
Urte osoko lan “emankorra”
Urte osoan egindako lana “emankorra” izan dela gogora ekarri du Olatz Astigarragak. Azken hilabeteetan elkarlanean, ikastolako komunitate osoaren parte-hartzearekin, eta euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin aritu direla adierazi du, "Kilometroak egun bakarreko jaia baino askoz gehiago delako". “Saltoka elkarrekin aritu gara urte osoa. Euskarara salto egiteko baldintzak sortzen, elkarren sokari eragiten. Guretzat urte berezia izan da, eta ahalegin guztiak egin ditugu elgoibartar guztientzat ere hala izan zedin”, azaldu du. Halaber, balioan jarri du ikastolako komunitatean izan den lankidetza eta elkarlan giroa. Zentzu horretan, urte osoan zehar izan diren ekimenak ekarri ditu gogora: ikasleen batzordearen sorrera, komiki lehiaketa, liburu ibiltaria, abesti eta bideoaren sorrera eta grabaketa, Non eta mugan ekimenean parte-hartzea, eskolan antolatutako musika, antzerki eta tailerrak, horma-irudi berri bat ere margotu da ikastolako frontoian... Urtero egiten diren ekimenak ere indartu dira (urte zaharreko txosna, Santa Ageda, inauteriak, pilota eguna, krosa, ikastola eguna…). “Herria pixkanaka Kilometroaken bueltan aktibatzea lortu dugu”, esan du Astigarragak.