Urriaren 5erako antolatu duten jaiaren egitaraua ezagutzera eman du Elgoibar Ikastolak. Zehaztu dutenez, askotariko adin eta publikoan petsatutako egitaraua da. Kilometroak jaia ospatzeko modua asko aldatu da, dagoeneko ez baitute herri inguruan ibilbiderik (kilometroak) antolatzen. Halere, gune desberdinetan banatutako jai eguna izaten jarraitzen du.. Elgoibarren hiru gune nagusi egongo dira: Ikastolaren gunea (Euskararen komunitatea), Aita Agirre plaza gunea (Euskararen herria) eta Kalegoen plaza gunea (konpromisoa salto euskarara).
Horiez gainera, Bernardo Ezenarro kaleko eta Maala-plaza azpiguneek osatuko dute jai gunea.
Ikastolako txarangak herriko kaleetan barrena egingo duen dianarekin hasiko da jai-eguna, 09:00etan. Irekiera ekitaldi ofiziala 10:00etan egingo dute, Ikastolan.
Musikak eta kontzetuek piu handia dute egitarauan. Hainbat dira zuzeneko emanaldiak egingo dituzten taldeak: Asgarth, Xaribari, Goazen, Kittu!, Kitziki, Txoteko Ezpata, Heitxi, Ehun Kilo, Janus Lester, Malko, Itzal, Bengo eta Trikidantz, besteak beste.
Kaleko ikuskizunek ere girotuko dute jai-eremua: joaldunek, Erbuze konpartsako erraldoiek, magoek eta txarangek, besteak beste. Umeentzako ekintza ugari antolatu dituzte. Egun osoan edukiko dute puzgarrietan ibiltzeko aukera eta baserriko mundua gertutik ezagutzeko aukera izango dute Kaiku baserria txokoan. Haurrentzako jolasak ere egongo dira Argitxo txokoan.
Jan-edanik ere ez da faltako jai-guneetan. Bazkari nagusia, baina, Ikastolako frontoian egingo dute. Eusko Labelek, berriz, Bernardo Ezenarro kalean ipiniko du postua. Artisau azoka ere egongo da Bernardo Ezenarron. Herri kirolek eta bertsoek ere izango dute lekua.
Honatx, egitaraua osorik:
Boluntarioak behar dituzte
Antolakuntza lanetarako pertsona asko behar dituztela ohartarazi dute Elgoibar Ikastolatik. Laguntzeko prest daudenei on-line jarri duten galdetegia betetzeko eskatu diete.