EMO Hannover 2025 azokan parte hartzen ari diren lantegiek sektore nagusienetarako azken berrikuntzak eta kontsumorako produktuak aurkeztea dute xede bi urtean behin egiten den azoka prestigiotsuan -2023an egin zuten aurrekoa-. Elgoibarko enpresek pisu handia dute sektorean eta ordezkaritzak bidali dituzte Hannoverrera. Danobat, Etxetar, Geminis Lathes eta Doimak enpresez gainera, Elgoibartik Itziarko industrialdera joandakoak dira parte hartzen ari diren beste hainbat enpresa.
Euskal enpresen %66a Gipuzkoakoak
Azokan parte hartzen diharduten euskal enpresen %66a Gipuzkoakoak dira, makina-erremintaren sektoreak lurraldean duen garrantzia agerian lagatzen duen zifra. Zehazki, hogei dira enpresa gipuzkoarrak, eta denen artean 2.729 m²-ko erakusketa azalera dute. Besteak beste, hauek izan dira sektoreko erreferentziazko konpainiak: Fagor Automation, Korta, Soraluce, Danobat, Alteyco, Arralbe, Bost, Etxetar, Geminis Lathes, Ger Máquinas Herramientas, Gurutzpe, Hepyc, Ibarmia, Lagun Machine Tools, Mosnik, Mrodin, MTE, Tecnifuelle eta Doimak. Horiek guztiek, AFM klusterrarekin batera, Gipuzkoako industriaren sendotasuna eta berrikuntzaren erakusgarri direla adierazi dute sektoreko ordezkariek.
Europako Batasuneko hirugarren ekoizlerik handiena dira egun Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, eta munduko bederatzigarrena, bai ekoizpen bolumenari dagokionez, bai gaitasun teknologikoari dagokionez.
Elgoibarko Udaleko eta Aldundiko ordezkarien bisita
Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkari nagusiek atzo, martitzena, egin zuten bisita Hannoverko azokara. Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Unai Andueza Ekonomia Sustapena eta Proiektu Estrategikoak saileko diputatu zein Amaia Arregi Ekonomia Sustapeneko zuzendariak egin zuten bidaia Alemaniara, eta horiekin izan ziren Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxaga eta IMHko zuzendari Ixaka Egurbide ere. "Bisitaren helburua izan da Elgoibarko enpresek foro global honetan egiten duten lana bertatik bertara ezagutzea eta nazioarteko proiekzioan erakundeen babesa helaraztea", azaldu dute Udaletik. Azokan erakustokia duten enpresa elgoibartarrei bisita egin zien Gurrutxagak. “Gure enpresak nazioarteko lehen lerroan daude, eta garrantzitsua da erakundeetatik laguntza argia eta hurbila eskaintzea. Elgoibar erreferentea da makina-erremintaren sektorean, eta etorkizunean ere hala izatea nahi dugu”, adierazi du bisitaren harira. “Harrotasunez bizi dugu mundu mailako azoka onenean Elgoibarko enpresak duten presentzia eta indarra”, gehitu du alkateak.
Ildo beretik, lurraldeko enpresen lehiakortasuna babestea funtsezkoa dela adierazi dute Aldundiko ordezkariek. "Egungo ezegonkortasun une honetan, gure esku dagoen guztian laguntzen jarraitu nahi dugu, digitalizazioak, automatizazioak, jasangarritasunak eta ziurgabetasunak markatutako testuinguru honetan aurre egin beharreko erronketan. Funtsezkoa da makina-erremintatik eta haren errealitatetik hurbil egotea; gure enpresen lehiakortasuna babesteko, horiek dira gure ekonomiaren muina, eta, azken batean, baita gure ongizatearena ere", esan du Eider Mendoza diputatu nagusiak.