Azken aurrerapenak eta teknologiak aurkeztu dituzte Elgoibarko enpresek Hannoverreko EMO 2023 azokan

Barren.eus 2023ko ira. 19a, 12:02

Atzo hasi zuten EMO 2023 nazioarteko azoka Hannoverren (Alemania), eta irailaren 23ra bitartean han izango dira Elgoibarko eta eskualdeko hainbat enpresa, BECen egiten den Biurtekoarekin batera, makina-erremintaren sektoreko Europako eta munduko topagune garrantzitsuena baita Alemaniakoa.

Duela lau urte, 2019an egin zuten azken EMO azokak 150 nazionalitatetako 120.000 bisitari eduki zituen.

Innovate Manufacturing (Fabrikazio berritzailea) leloarekin, ekoizpen-teknologian munduan aitzindari den merkataritza-azokak ekoizpen industrialeko prozesu bakoitzaren muinean dauden ekoizpen modernoko tresna eta irtenbide guztiak erakustea du helburu aurtengoan, eta hiru gai nagusi izango ditu ardatz: Negozioen etorkizuna, Konektagarritasunaren etorkizuna, eta jasangarritasunaren etorkizuna produkzioan.

Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako 37 enpresa ari dira parte hartzen EMO 2023 nazioarteko azokan, eta Gipuzkoakoak dira gehienak, 22: Alteyco, Bost, Cometel, Couth, Danobat, Doimak, Etxetar, Fagor, Fresmak, Geminis, GER, Gurutzpe, Hepyc, Ibarmia, Integi, Juaristi, Kortagroup, Lagun, Mosnic, Schaeffler, MTE eta Soraluce. Zerrenda horretatik sei daude Elgoibarren: Danobat, Schaeffler, Cometel, Doimak, Etxetar eta Geminis.

Danobat kooperatibak esaterako, punta-puntako makinak aurkeztu ditu EMO azokan: VG-1000 izeneko makina, artezketa, torneaketa gogorra, fresatzea, mandrinatzea eta zulatzea konbinatzen konfigurazio bakarrean dituena; CG-1000 artezteko makina trinkoa; Estarta-250 artezteko makina, artezketa zentrorik gabekoa; eta, besteak beste, MikroTurnGrind-100, Herbehereetako Hembrug subsidiarioak garatua, mekanizazio-lan konplexuetarako torneatzeko eta artezteko gaitasunak dituena.
EMO azokako 11. pabiloian egongo da DanobatGroup eta bertan izango dira hainbat makina eta teknologiatan adituak, bisitariei behar duten aholkuak eta orientazioa eskaintzen.

Cometel enpresakoek 6. pabiloian edukiko dute erakustokia. Bere sektorean aitzindaria da Albitzurin kokatua dagoen enpresa, hondakin metalikoen garraioan, eta hondakin horien tratamenduan eta balio adimenduna emateko soluzioak aurkitzen. ROI izeneko kalkulagailua sortu eta kaleratu berri dute, euren instalakuntzek zenbaterainoko aurrezpena dakarten kalkulatzeko balio duen erreminta digitala. Euren helburua bezeroei jasangarriagoak eta errentagarriagoak izaten laguntzea dela adierazi dute, ekonomia zirkularra ezarriz.

Schaeffler enpresak automatizazio irtenbideak aurkeztuko ditu sektoreak bizi dituen zenbait arazori irtenbidea emateko, materialen eta energiaren garestitzeari eta eskulan kualifikatua aurkitzeko zailtasunek sortzen dituzten arazoei, alegia. Euren erakustokian aurkeztuko duten produktu izarra mahai birakari baskulatzaile bat izango da, zuzeneko eragingailuarekin funtzionatzen duena, SRV eta RKIB serieko motorrekin.

2023 09 19 cometel makina elgoibar