Deba ibaiko arrantzaleak bueltan dira

Barren 2025ko ira. 23a, 21:08

Ibaian arrantza egitea albiste izan behar ez litzatekeen arren, Deba ibaian arrantzaleak ikustea ez da oso ohikoa izan azken hamarkadatan.

Duela egun batzuk Elgoibar parean arrantzan ibili ziren bi lagun. Euria ari zuen eta ia inor ohartzeke aritu ziren arrantzan, King-Kong paretik hasi eta ibaian gora, baina ikusi zituztenen arreta piztu zuten. Ezhoiko irudia baita inguruotan. Eibartarra zen bata eta durangarra bestea, eta azaldu zutenez amuarrainak arrantzatzera etorri ziren, "probatzera". Gipuzkoako hainbat ibai eta errekatan aritzen dira arrantzan eta egoerak asko egin duela hobera egiaztatu dute. "Eibartarra naiz ni eta Deba ibaian arrantzan ibiltzea ez zegoen aukeren artean duela 40 urte. Eta hara, hemen gaude, uretan sartuta", azaldu du arrantzale eibartarrak. Ez dakigu zerbait arrantzatzerik lortu zuten, baina Gipuzkoan indarrean dagoen arrantzarako araudiaren arabera uretara itzuli behar dira arrainak.

Debabarrena eskualdea industrializatu ahala Europako ibairik kutsatuenetarikoa izatera iritsi zen Deba ibaia. 1950eko hamarkadaz geroztik, fabriketako zikinak hil zuen ibaiko eta ibaiertzetako bizitza. Uren egoerak, baina, hobera egin du azken urteotan, noizean behin isuriak gertatzen diren arren oraindik ere. Zorionez, naturak beti aurkitzen du bizitzarekin aurrera egiteko bidea. Arrainak, hegaztiak eta narrastiak ibaiko parte dira orain. Kutsadura kontrolatzeko 1980ko eta 1990eko hamarkadetan hainbat ibaitan jarri zituzten arazketa sistemek ere lagundu dute kutsadura murrizten eta ura garbitzen. 2007an inauguratu zuten Elgoibarren dagoena, Apraizkoa

Ibaia kutsatu aurreko testigantzak

Duela 75 urte, urek ez zutenean inolako kutsadurarik, Deba ibaiko ur gardenetan sartu eta era guztietako arrainen artean igeri egiten ikastea zen normalena Elgoibarren. Halaxe ikasi zuen igerian Ignacio Retolazak, 1997an BARREN aldizkarian argitaratutako erreportaje batean kontatzen zuen moduan. Etxeko leihotik behera kainabera bota eta barboak, loinak edo bestelakoak harrapatzen zituen gaztetan.

BARRENen kolaboratzaile izandako Juanito Gorostiza zenak ere eman zituen ibaia garbi zetorreneko testigantzak. Era guztietako arrainak ezagutu zituen ibaian: "Ezkailua, eskaldarrua, loina, loinaztia, barboa, kangrejoa, amuarraina, igelak (elgoibartarrez ugarixuak) eta gehiago ere bai. Zaharrenek diote, gainera, izkirak ere iristen zirela itsasoan barna: guk ez genuen hori ezagutu" azaldu zuen. "Jende andana ibiltzen zen eskirolekin nahiz kanaberekin ur-ertzean loinak harrapatzen. Ikuskizuna izaten zen hura: jendea arrantzan eta herritar mordoa begira. Presak askatzen zituztenean zati hartako barbo guztiak etortzen ziren, tonaka, eta ikuskizun ederra izaten zen. Zubi azpian ur-sakonak ziren orduan, eta jendea murgilean sartzen zen uretara eta ahoan pieza bat eta esku bietan beste banarekin azaleratzen ziren. Balentin karteroak salabardoa botatzen zuen eta arrain gehiegi harrapatzen zuenez eskuz ezin jasota ibiltzen zen". Ibaian bizi ziren ur-txakurren berri ere eman zuen. "Basatiak ziren. Ez ziren asko garai hartan baina bat edo beste ikusiak gara".

Testigantzez haratago, garai hartako ibaiaren bizitzaren berri ematen duten datuak ere jasota daude. 1947. urtean Deba ibaian 185 kilo amuarrain, 175 kilo angula eta 35 kilo barbu arrantzatu zituzten, Montes aldizkariak 1949. urtean argitaratu zituen estatistiken arabera. Elgoibarren angulak, aingirak, amuarrainak edo barboak arrantzatzen zituzten garaiak ezagutu zituzten elgoibartarren testigantzak jasota dituzte ahotsak-eus webgunean.