Deba ibaiko fauna eta flora zaintzeko konpromisoa hartu dute Debabarrenako agintariek

elgoibarren.net 2010ko eka. 8a, 12:12

Deba eta Ego ibaiak berreskuratzeko eta balioan jartzeko Programa integrala aurkeztu zuten Debabarrenako alkate eta agintariek barixakuan, Altzolan. Debegesak eta Uraren Euskal Agentziak sinatutako hitzarmenaren barruan garatu dute programa hori.


1706639641537 Deba ibaiko fauna eta flora zaintzeko konpromisoa hartu dute Debabarrenako agintariek

Hitzarmenean hainbat helburu jaso dituzte: Uraren Esparru Zuzentarauaren helburuak lortzea, flora eta faunako espezie basatiak, espezie inbaditzaileak, eta galtzeko arriskuan dauden espezieak identifikatzea, Deba ibaiarekin lotutako arazo nagusiak detektatzea… Azken batean ingurumen ondarea eta ondare kulturala zaindu nahi dituzte, eta horretarako, sentsibilizazio eta ingurumen hezkuntza kanpainak sustatzeko konpromisoa hartu zuten Debabarrenako Udalek.
  • Informazio gehiago: Deba ibaia bizigura (Deba eta Ego ibaiak berreskuratzeko eta balioan jartzeko Programa Integrala)

  Elgoibarko ordezkari moduan, Udaleko zinegotzia eta Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko presidente den, Manuel Astrayk, parte hartu zuen Altzolan egin zen aurkezpenean. Altzolaren iraganak eta etorkizunak Deba ibaiarekin lotuta jarraitzen dutela adierazi zuen bertan. “Deba ibaiko uretatik Altzolaraino nabiga zitekeen; han, errege-bidearekin lotzen zen antzinako portua zegoen. XIX. mendean, Altzolako bainu-etxeetan udatiar ospetsuek ostatu hartu zuten, eta ospe handiko urez gozatzen zuten. Iragan loriotsuaren herentzia moduan, gaur egun, San Juan eliza, bere garaian merkataritza garatzeko erabili ziren lonja-multzoa eta Goikola burdinolaren hondarrak ditugu. Gaur egun, ibaiarekin lotuta dagoen elementu bat du Altzolak, ekonomia-jarduera sortzen duena: Altzolako iturria. Beraz, esparru paregabean gaude Deba ibaiaren iraganaz eta etorkizunean izatea nahi dugunaz hitz egiteko”.
  Elgoibarri dagokionez, Deba ibaia hirigune zaharreko atzeko fatxadetarako balio erantsia dela azaldu zuen, “zenbait urtetan ahaztuta egon direlako; gaur egun, berriz, leku gakoak dira, ibaia eta udalerria leheneratzeko”.
  Deba ibaiaren aisialdiari eta gozatzeari dagokienez, Maltzagaraino ailegatzen den bidegorria nabarmendu zuen Astrayk, eta baita bidegorriaren proiektua ere, gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundia idazten ari dena; Altzolaraino helduko dena. “Azpiegituren ikuspegitik, trenbidea bitan banatuko da: Elgoibarreraino hasieran eta Mendaroraino gero. Horri esker, aukera proiektuak planteatu ahal izango dira etorkizunean”.
Deba ibaiaren ingurumen-egoerari dagokionez, Elgoibarreko araztegia abian jartzeak aurrera pauso handia ekarri zuela ekarri zuen gogora mankomunitateko presidenteak. “Hala ere, estrategiak jarri beharko dira abian, inguruko fauna eta floraren ikuspegitik jarduera horri laguntzeko. Hortaz, une ezin hobean gaude beste ibai bat lor daitekeela amesteko”, gaineratu zuen.

1706639641574 Deba ibaiko fauna eta flora zaintzeko konpromisoa hartu dute Debabarrenako agintariek

Irune Berasaluzek, Mendaroko alkateak, ere hartu zuen hitza. Mendarok gaur egun Deba Ibaiaren inguruan daukan baliorik garrantzitsuena Kilimon erreka dela esan zuen honek, “herriaren itxura fisikoaz gain historia eta izaera baldintzatu dituen elementua da. Garai bateko olak eta errotak bere ibarrean sortu ziren eta arrantzarako ere aproposa izan da, Deba ibaia garai batean izan zen bezala”.
Deba ibaiak errepidearekin batera, herria bitan bereizten duela gaineratu zuen. “Eta ibaia bera erabili ohi dugu, herriaren bi alderdien arteko lotura egiteko; hor dugu, esaterako, egunero hain erabilia den oinezkoentzako zubia”.
Deba ibaia alde batetik eta Kilimon erreka bestaldetik, “zoritxarrez”, Mendarok historikoki bizi izan dituen arazo handienen, uholdeak alegia, eragile izan dela ere gogoratu zuen Berasaluzek, “baina zorionez orain dela urte batzuk Kilimon errekan egindako lanak bukatu eta gero arazo honekin bukatzea lortu genuen. Urte batzuk beranduago, Udalak Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Kilimoia berreskuratzeko eta naturalizatzeko lanak bultzatu zituen, lan horien helburua erreka ahal zen neurrian behintzat lehengo egoerara bueltatzea izan zen. Neurri batean lortu dugu”.
Ibaiari etekina ateratzeko garaia
Mendaroko alkatearen ustez, Deba ibaiari dituen alde onak bilatu eta etekina ateratzeko garaia heldu zaigu, “aukerak eskaintzen dituelako”. Esate baterako, Mendaroko saneamendua burutzeke dagoela azaldu zuen, eta obra horren ondorioz, erreka garbiago bat edukitzeaz gain, hainbat aukera aurkezten dira: “Mendaroren bokazio industrialari lotuta, hainbat hobekuntza puntu identifikatu dira eta Eusko Trenbide sareak etorkizunerako aurreikusten duen ibilbide berriari lotuta ere aukera asko aurkezten dira herri mailan, ibilbidearen zati batzuk askatzeko aukera aurkezten duelako”.