Iaz baino gehiago lagundu du eguraldiak aurtengo udan, eta 47.204 erabiltzaile zenbatu dituzte denboraldiak iraun duen 93 egunetan. Hala, iaz baino 7.000 erabiltzaile gehiago hartu dituzte Mintxetako igerilekuek; iazko denboraldia 15 egun luzeagoa izan zen arren. Aurtengo datuak 2022ko eta 2023ko udakoen ia berdinak dira.
Ekainaren 14tik irailaren 14ra bitartean egon dira zabalik igerilekuak. Hona erabiltzaile kopuruak, hilabeteka:
- Ekainaren 14tik 30era: 14.382 erabiltzaile
- Uztailean: 14.435 erabiltzaile
- Abuztuan: 15.572 erabiltzaile
- Irailaren lehen 14 egunetan: 2.816 erabiltzaile
Abuztuaren 15a, egunik jendetsuena
Abuztuaren 15ean batu zen jende gehien Mintxetako igerilekuetan, 1.747 erabiltzaile. Mordoxka izan dira 1.000 erabiltzaile baino gehiago eduki dituzten egunak, hemeretzi guztira: Ekaina (9), uztaila (4), abuztua (5) eta iraila (1).
Elgoibarko Udalak balorazio "oso positiboa" egin du aurtengo bainu denboraldiaz. Istripu aipagarririk gabe eta normaltasunez joan dela uda aipatu dute.
Abuztu oso beroa
Igerilekuen erabilera eguraldiari estuki lotua dago eta aurtengo uda beroa izan da, abuztua bereziki. Euskalmeten arabera, aurtengo abuztua XXI. mendeko hirugarren beroena izan da. Euskalmeteko meteorologo Miriam Ruizen esanetan, ekaina erabat beroa izan zen, "mende honetako beroenetarikoa"; uztaila, berriz, "normala" izan zen tenperaturari dagokionean, baina abuztua "oso beroa" izan zen. "Azken datuen faltan, 2025eko uda beroa izan da gurean".
Euskal Meteorologia Agentziak kaleratu duen txostenaren arabera, abuztuaren 10ean erregistratu ziren lehenengo aldiz 40 ºC-tik gorako tenperaturak Kantauri isurialdeko bi estaziotan (Saratxo 40.5 ºC eta Zalla 40.3 ºC) eta iragaite-zonako beste bitan (Arkauti eta Etura 40 ºC). Hego-haizearen eraginez, hilaren 11 bereziki beroa izan zen EAEren barnealdean (Arrasate 42 ºC, Balmaseda 41.8 ºC, Igorre 41 ºC, Zambrana 40.6 ºC eta Abetxuko 39.1 ºC).
Beste hainbeste gertatu zen abuztuaren 12an. Tenperatura maximoek zertxobait behera egin zuten Mediterraneo isurialdean eta igo egin ziren, berriz, Kantauri isurialdeko bailaretan (Gardea 44 ºC, Igorre 43 ºC, Zalla 42.9 ºC, Arrasate 42.2 ºC, Galdakao 40.2 ºC, Abetxuko 37.9 ºC eta Páganos 37.1 ºC). Goierriko zenbait lekutan, hala nola Amundarainen eta Estandan (41 ºC eta 41.6 ºC, hurrenez hurren), tenperatura maximo absolutuen errekorra hautsi zen egun horretan, hilaren 12an, alegia.
Bero-boladaren azken denboraldia hilaren 15ean hasi zen, eta beroa orduan iritsi zen puntu gorenera, 44,9 ºC erregistratu baitziren Sodupe-Cadaguako estazioan eta 43-44 ºC Kantauri isurialdeko beste estazio askotan, batez ere mendebaldekoetan, eta horietako askotan tenperatura maximo absolutuen errekorrak hautsi ziren (Gardea 44 ºC, Igorre 43.8 ºC, Galdakao 43.5 ºC, Mungia 42.2 ºC, Arrasate 41.8 ºC, Ibai Eder 41.5 ºC, Espejo 39.2 ºC, Abetxuko 38.8 ºC eta Miramon 38.1 ºC).
Azken denboraldi hori abuztuaren 15era mugatu zen Kantauri isurialdean, Mediterraneo isurialdean, aldiz, hego-haizea nagusitu izanaren ondorioz, bero egiten jarraitu zuen hilaren 16an eta 17an. Araba erdialdeko eta hegoaldeko estazio askotan erregistratu ziren 39-40 ºC-ko tenperatura maximoak (Zambrana 40.5 ºC, Kanpezu 40.2 ºC, Espejo 40.2 ºC, hilaren 16an; Kanpezu 40.9 ºC, Zambrana 40.3 ºC eta Moreda 40.3 ºC). (Euskalmeten txostena osorik)
Mintxetako igerilekuetako erabiltzaile kopuruen bilakaera, urtez urte:
- 2025: 47.204 erabiltzaile
- 2024: 40.210
- 2023: 47.400
- 2022: 47.000
- 2021: 41.500
- 2020: 27.000
- 2019: 43.000
- 2018: 42.000
- 2017: 34.000
- 2016: 40.411
- 2015: 45.123
- 2014: 34.522
- 2013: 53.527
- 2012: 52.000
- 2011: 42.065
- 2010: 48.000
- 2009: 55.056
- 2008: 34.342
- 2007: 15.000
- 2006: 29.000
- 2005: 32.000