Elgoibarko Lanbide Heziketak 125 urteurrena ospatzen dihardu azken urte honetan; hain justu eguenean egingo dute urteurrenaren itxiera ekitaldia. Eta, urteurrenaren harira, Jaurlaritzako agintariek Elgoibar aukeratu dute urtero ikasturtea hasteko egiten duten ekitaldi ofizialerako.
Imanol Padrales Lehendakariak hartu du parte ekitaldian, kargua hartu zuenetik Elgoibarrera egin duen estreinako bisitan. Hezkuntza Sailburu Begoña Pedrosa eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jon Labaka izan ditu lagun; eta, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Eider Mendoza ere etorri da. Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak eta ikastxeko zuzendari Jose Maria Beristainek egin diete harrera Jaurlaritzatik eta Aldunditik etorri diren ordezkariei.
Beristainek bisita gidatua egin die zentroan egiten dutena erakusteko eta ikasleek eta irakasleek eman dizkiete azalpenak agintariei. Amaieran adierazpenak egin dituzte.
Meka, "egokitzen dakien ikastetxearen adibidea"
Elgoibarko Meka ikastetxea Lanbide Heziketak garai bakoitzera berrikuntzarekin eta ingurune sozial eta produktiboarekin duen konpromisoarekin "egokitzen dakiela erakusten duen zentro baten adibidea" dela esan du lehendakariak. 700 bat ikaslerekin hasi du ikasturtea Mekak, horietako 500 zerbitzuekin zerikusia duten ikasketetan eta 200 bat ari dira ikasten industria eta automozioarekin lotutako esparruetan. Mekaz gainera, IMH zentro integratuak osatzen du Lanbide Heziketak Elgoibarren duen eskaintza, beste 300 ikaslerekin. "Elgoibar herri esanguratsua da euskal Lanbide Heziketari dagokionean", adierazi du Pradalesek datu horien harira.
Lehendakariak orain artean moduan lan egiten jarraitzeko eskatu die Lanbide Heziketako arduradunei: "gure buruekin zorrotzak izaten, erronka, ziurgabetasun eta eraldaketa izugarriei aurre egin beharko diegulako". Dena aldakorra den garaiak bizi ditugula zehaztu du. "Teknologia aldatzen da. Irakasteko eta ikasteko modua aldatzen da. Lan-mundua eta gizartea aldatzen dira. Beste behin ere, egokitu eta asmatu beharra izango dugu Lanbide Heziketak beharrezkoa dugun 'azken miliako prestakuntza' izaten jarrai dezan. Etorkizunean jokoan dugun berrindustrializazioan laguntzen jarrai dezan, Euskadin eta Europan".
Hona Pradalesen adierazpenak Jaurlaritzaren bideoan:
Lehendakariaren bisita, argazkietan: