Sanbartolomeak

La Barranca taldea irabazle goitibehera jaitsieran

Barren 2025ko abu. 30a, 15:29

Hamahiru goitibeherek hartu zuten parte Gazteen eta nerabeen eguneko egitarauan tradizio bihurtu den goitibeheren jaitsieran.

Gueñesetik etorri zen La Barranca taldeak egin zuen denborarik onena, 46.31. Josu Bercianok, Kevin Santiestebanek eta Joan Ander Pascualek osatu zuten taldea. Bizkaitarrek egindako denboratik segundo bat baino gutxiagora sailkatu zen Elgoibarko Sanroketarrak 1 taldea. 47 segundo eta 6 ehunekotan osatu zuten jaitsiera Danel Iriondok, Haritz Zubimendik, Beñat Izagirrek eta Danel Santamariak. Sanroketarrak 3 taldeak lortu zuen hirugarren postua (47,78). Arkaitz Oteizak, Joseba Iriondok eta Jokin Plazak osatu zuten taldea. Antolatzaileek sari berezi bat ere banatu zuten, giro bereziena sortu zuen taldeari, eta Jaujar taldearen goitibehera koloretsu eta jendetsua saritu zuten. Sei lagun jaitsi ziren goitibeheran: Mikel Etxaniz, Oier Agirrezabala, Iñigo Muguerza, Aitor Garcia, Alejandro Beraza eta Javier Legorregi. Guztira hamahiru goitibeherak hartu zuten parte, iaz baino bat gehiagok. Elgoibarkoak izan ziren hamaika eta Barakaldotik eta Gueñesetik etorri ziren beste biak.

Goitibeheren jaitsieren ostean, drift trike erakustaldia eman zuten era horretako hamabost ibilgailuk.

  • Gazteen Eguneko irudiak HEMEN

Goitibehera jaitsierako partaideak (goiko argazkian) eta sari banaketa osteko talde argazkia behean.