Mikel Lopetegi “Urra” gailendu da emozio handiko Mintxeta Memorialean

Barren.eus 2023ko abu. 26a, 20:16

Bi harri-jasotzaile zarauztar izan dira onenak San Bartolomeetako 23. Harri-Jasotze Txapelketan, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi “Urra”. Azken unera arte emozioz beteriko lehia estua eduki dute biek. Azkenean, ordea, jaso duten pisuak baino, euren pisua izan da erabakigarria, arinagoa izateak garrantzia baidauka harri-jasotzean.

Eguraldi iragarpenak euria ematen zuela-eta, Kalegoen plazan beharrean, Ikastolako frontoian jokatu dute aurtengo Mintxeta Memoriala. Zazpi partaide aritu dira lehian Mintxeta (124,6) eta Belaustegi (145,4 kilo) harri irregularrekin, eta lehiakide nabarmendu dira guztien gainetik, Mikel Lopetegi 'Urra' (Zarautz, 1997) eta Jokin Eizmendi (Zarautz, 1984). Altxaldi kopuru bera lortu dute bi zarauztarrek. Lehenago lehian aritu den Eizmendik 12 alditan altxatu du Belaustegi harria eta 11 alditan Mintxeta harria; 29 altxaldi guztira. Urrak 11 alditan berdindu du bizkarrean Belaustegi harria eta 18 alditan Mintxeta harria; 29 altxaldi osatuz biekin. Horrelakoetan kilorik gutxien pisatzen dituen harri-jasotzailea aurretik geratzen da, eta Urra Eizmendi baino arinagoa denez, berak jantzi du irabazlearen txapela. Iaz jokatutako Mintxeta Memorialean Eizmendi izan zen irabazlea, 30 altxaldirekin eta bigarren egin zuen Urrak, 24 altxaldirekin. Iazkoak arazoak eduki zituen Urrak Mintxeta harria nondik heldu ezin asmatuta, eta 14 bider altxatu zuen. Aurten bera izan da Mintxeta harriarekin markarik onena egin duena, 18 altxaldi emanda. Hobekuntza horrek eman dio garaipena.

Lehian aritu diren zazpi harrijasotzaileetatik bakarrak hartu du parte aurrenekoz, Gari Garmendia idiazabaldarrak. Elgoibarrekin lotura duen Imanol Royo "Lartain"ek bigarrengoz hartu du parte, iazko estreinaldiaren ostean, eta nabarmen ondu ditu lehen aldiko lanak, iaz baino sei altxaldi gehiago lortuta.

Sailkapena (Mintxeta Memoriala XXIII. Harri-jasotze Txapelketa)

  1. Mikel Lopetegi Urra: 29 altxaldi (11 Belaustegi / 18 Mintxeta)
  2. Jokin Eizmendi: 29 altxaldi (12 Belaustegi / 17 Mintxeta)
  3. Beñat Telleria: 21 altxaldi (5 Belaustegi / 16 Mintxeta)
  4. Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a: 20 altxaldi (7 Belaustegi / 13 Mintxeta)
  5. Aimar Galarraga: 20 altxaldi (9 Belaustegi / 11 Mintxeta)
  6. Imanol Royo "Lartain": 16 altxaldi (6 Belaustegi / 10 Mintxeta)
  7. Gari Garmendia 14 altxaldi (5 Belaustegi / 09 Mintxeta)

 

 

2023 08 26 baserritarren eguna harrijasotzea urra atzetik BARREN

2023 08 26 baserritarren eguna harrijasotzea urra txapelagaz BARREN

2023 08 26 baserritarren eguna harrijasotzea saribanak BARREN