Musika eskaintza zabala sanbartolomeetan

Barren 2025ko uzt. 29a, 17:50

Akelarre taldea iaz, Gazteen Egunean. Arg: Mikel Askasibar.

Musika estilo ugari entzuteko eta dantzatzeko aukera izango da 2025eko San Bartolome jaietan. 

Jaiak ezin behar bezalakoak izan, musikarik gabe. Elgoibarko Udalak eta Maalako Jai Batzordeak musika eta kontzertu eskaintza zabala prestatu dute festetarako. 


Bulego

Abuztuaren 23an, 23:00etan, Kalegoen plazan

2019an sortu zuten Bulego taldea, Azkoitin. Xabi Arrieta baterian; Tomas Lizarazu gitarran eta ahotsean; Jontxu Ape baxuan eta koroetan; Ruben Lizarralde gitarran eta Itziar Beitia teklatuetan. 2019an argitaratu zuten lehenengo diskoa Bulego izenburupean, eta ordutik beste lau lan luze ere kaleratu dituzte; azkena, 2023an. Pop estiloko kantuak egiten dituzte, doinu elektronikoekin uztartuta. Sorreratik gaur arte plaza askotan ibili dira, eta hainbat kolaborazio ere egin dituzte. Euskaraldiaren azken edizioko kanta esaterako beraiek sortua da. Taldeak behin-behineko etenaldia iragarri du 2026rako eta agur bira egiten dihardute aurten. (ikus Tomas Lizarazuk kontzertuaren harira BARRENi esandakoak)

90MEM

Abuztuaren 24an, 22:00etan, Kalegoen plazan

Oier Gurrutxaga elgoibartarraren bakarkako azken proiektua da 90 MEM. 90eko hamarkadako euskarazko heavy metal kantuak interpretatuko ditu Gurrutxagak. Horri dagokio 90 zenbakia eta, egingo duen memoria ariketari, MEM abizena. Hiru anplifikadore eta adimen artifiazala ditu lagun proiektu honetan, eta berak jartzen ditu gitarra eta ahotsa. Elgoibarko EME egunean aurkeztu zuen proiektua jendaurrean, eta atzerako bidaia egin zuten ikusleek bere kantuekin. Su Ta Gar, Lin Ton Taun edota Barricada taldeen abestiak ditu errepertorioan, besteak beste.

Sugramas

Abuztuaren 24an, 23:00etan, Kalegoen plazan

Hainbat urteko etenaldiaren ostean, berriz martxan jarri du Sugramas taldea Jon Gurrutxaga musikari elgoibartarrak. 2010ean kaleratu zuten Jon & Sugramas izeneko lana, eta hainbat kontzertu eman zituzten kanta haiek aurkezteko. Bakarkako musika ibilbideari ekin zion ondoren Gurrutxagak, eta albo batera laga zuen Sugramas proiektua. Orain, abesti eta taldekide berriekin, martxan jarri du berriro taldea. Jon Gurrutxaga bera izango da abeslaria, Andoni Etxebestek joko du bateria, Miguel Moral izango da baxujolea eta Andoni Badiola gitarra-jolea, eta dagoeneko lotuta dituzte hainbat emanaldi.

 

Rockalean

Abuztuaren 25ean, 19:30ean, Kalegoen plazatik

10 urte baino gehiagoko esperientzia duten 5 musikariz osatutako taldea da Rockalean. Bi bateria, gitarra, sousaphonea eta ahotsa nahasten dituzte, eta bere egiturari esker, beste talde batzuek ezin duten lekuetara eraman dezakete musika. 700 emanaldi baino gehiagoko ibilbidearekin, Rockalean taldeak rockaren eta poparen historiako kantu ezagunenen bertsioak ekarriko dituzte Elgoibarrera. Ezagunak dira gurean, eta hainbat aldiz girotu dituzte herriko kaleak beraien doinuekin. Bere errepertorioa oso zabala da: hasi AC/DC, Leño, eta Mikel Laboaren klasikoetatik eta James Brownen, Barricadaren edota Hertzainaken kantuetara. Energiaz beteriko ikuskizuna emango dute. 

 

Cafe Irlandes

Abuztuaren 28an, jubilatuen bazkarian

Hiru lagunek osatzen dute Cafe Irlandes berbena talde donostiarra, eta abesti klasikoak eta gaur egungo musika panoramako kantu berriak ere badaude beren kantu zerrendan. 


Ustekabe txaranga

Abuztuaren 28an, 11:30ean, Kalebarrenen hasita

Eibarko musika eskolako gazte talde bati festak eta ekintzak girotzeko talde bat sortzea bururatu zitzaion, eta sortu zuten Ustekabe txaranga 2000. urtean. 25 urte hauetan moldaketa eta aldaketa asko izan ditu taldeak, baina aldatu ez dena festa girorako duten motibazioa da. Ustekabe Txarangak festa eta ekintza ezberdin askotan dauka esperientzia, eta jairik jai ibiltzen dira uda sasoian.

 

Oilar beltzak

Abuztuaren 28an, 22:00etan, Kalegoen plazatik

Goierriko taldea da Oilar Beltzak. Jubilatuen eta Umeen Egunean etorriko dira Elgoibarrera, beraien rantxera eta trikiti doinuekin. Trikitixa, metalezko instrumentuak, gitarrak eta perkusioa uztartzen dituzte eta kantu alaiak egiten dituzte. Plaza dantzan jartzera etorriko dira. 

 

Akerbeltz

Abuztuaren 29an, 23:00etan, Maalan

Hamabost urte baino gehiagoko eskarmentua duen erromeria taldea da. Rock kutsuko erromeria gisa hasi ziren, Metallica, AC/DC, Queen, Guns&Roses eta Su Ta Gar moduko taldeen bertsioak egiten, baina laster hasi ziren beste estilo batzutako kantak gehitzen. Egun, kanta euskaldunak jotzen dituzte bereziki, estilo askotarikoak, eta kantu mitikoez gain, azkenaldiko kantu ezagunak ere jotzen dituzte.


Matraka elektrotxaranga

Abuztuaren 29an, 16:30ean Bolatokian eta 19:00etan Kalegoen plazan

2017ko ekainean eman zituzten lehen kontzertuak kalean. Talde ezagunen abestiak bertsionatzen dituzte, kuttu eta estilo propioa emanez. Tronpeta, tronboia, gitarra, baxua, bi perkusio eta ahotsa uztartzen dituzte, gurpildun karro batekin lagunduta. Auzoetako jaietan, ezkontzetan eta beste hainbat jaitan ibiltzen dira, festa giroa alaituz. 

 

Txoteko Ezpata

Abuztuaren 30ean, 22:00etan, Kalegoen plazan

Mendaroarrez eta elgoibartarrez osatutako taldea da Txoteko Ezpata. Onintza Loiola (teklatua), Rafa Furnier (bateria), Mikel Cornejo (ahotsa), Josu Iriondo (baxua) eta Asier Etxaniz (gitarra eta koruak) dira Txoteko Ezpata taldeko kideak. Aurrez 6Nemen9, C69, Andrakan, The Brian Valeta Movement edo Maraca Diablo taldeetan ibilitako musikariak dira, eta hein handi batean, pandemia garaian Maraca Diablorekin diskoa grabatu ondoren plaza batzuk egiteko aukerak piztu zuen haiengan proiektu honi ekiteko barruan zuten harra. 2024an kaleratu zuten estreinako diskoa Ilunpean jai duzu izenburupean.

 

Fito gogoratuz

Abuztuaren 30ean, 23:00etan, Kalegoen plazan

Willson & Willsonetis taldeak Fito & Fitipaldis taldearen omenezko kontzertua emango du. Talde bizkaitarraren abesti ezagunenak joko dituzte, taldeak berezko dituen pop rock soinuarekin. Gitarra elektriko indartsuak, riff kutsakorrak, oinarri erritmikoa irmo mantentzen duen baxua, bateria sendoa, saxo kementsua, eta ahots karismatikoa. Publikoarekin konektatzeko ikuskizuna ekarriko dute, eta ez dira faltako, besteak beste, Por la boca vive el pez, Soldadito marinero edo La casa por el tejado bezalako abesti ezagunak. Taldeak hainbat kontzertu eman ditu dagoeneko, eta nabarmentzekoen artean Madrilgo Wizink Center aretoan eman zutena aipatzen dute.