Jai alternatiboak prestatu ditu Maalako Jai Batzordeak San Bartolome jaietarako

Barren 2025ko uzt. 29a, 14:07

Egitarau ofizialetik aparte ere badago alternatibarik Elgoibarko jaietan. Maalako Jai Batzordeak urteak daramatza bere egitarau propioa sortzen, eta aurten ere halaxe egin dute. Jaiak libre eta parekidetasunean bizi nahi dituzte Maalako Gune Askean.

Zailtasunak zailtasun, aurten ere jai alternatiboak prestatu ditu Maalako Jai Batzordeak San Bartolome jaietarako. Gazte Asanblada, Narrutsik, Etxera, Karakate Bizirik eta beste zenbait eragilek osatzen dute Maalako Jai Batzordea, eta "erakunde ofizialetako diskurtso politikotik at" antolatzen dituzte jaiak, beraien ildo politikoari eutsiz. Belaunaldi aldaketa egon da Jai Batzordean, eta gauzak aldatzea kostatu egiten den arren, aurten ere lortu dute egitaraua osatzea. Eneko Etxaniz Gazte Asanblako kideak azaldu dizkio BARRENi egitarauaren nondik norakoak, eta aurtengoan berrikuntza handirik egongo ez bada ere, gune askeko jaiak bereziak izango direla nabarmendu du.

850 gazte izena emanda

Gazte mugimendua "sendo" ikusten du Etxanizek eta horren erakusle da bazkaritarako izena eman duten 850 gazteren babesa. "Batzuk gehiago edo gutxiago, baina egun horretan Elgoibarko 60 kuadrilla elkarrekin lanean arituko gara. Lanak banatuta, bakoitzak bere ardura izango du". Txosnak jartzeko ere Ticket Bai sistemak ez du erraztasunik ematen, eta zurrumurruak egon ziren aurten Gune Askean txosnarik ez zutela jarriko. Etxanizek konfirmatu du baietz, azken urteotan moduan bi txosna jarriko dituztela aurten ere Maalan, eta gainera, 21 gazte kuadrilla arituko direla txandan-txandan lanean: "Bi orduko txandak betetzea eskatu dugu jai batzordetik eta gazte pila bat agertu dira lanerako prest. Guri iruditzen zaigu badagoela inplikazioa gazteen partetik".

Egitaraua osatzeko lanak banatu egin dituzte, eta bakoitzak bere ardurak hartuta errazago egin dituzte lanak. Egitaraua azken urteotako antzerakoa izango da. Nabarmentzekoen artean Txiki Eguneko erromeria aipatu du Etxanizek. Itzal taldea ekarriko dute aurten ere, iazko berbera. "Oso ondo funtzionatu zuen eta errepikatu egingo dugu". Horrez gain, azken urteotan Larrain dantza ere indarra hartzen ari dela iruditzen zaio Etxanizi. Txupinazoaren aurretik Kalegoen plazan egiten dutenaren antzera, San Bartolome Egunean egiten dute Larrain dantza Maalan, eta gero eta jende gehiago batzen da. Hala ere, dantzaren inguruan beste herri batzuetan mugimendu gehiago dagoela uste du Etxanizek: "Deban, esaterako, Marinel Egunean, fandango edo arin-arinaren bueltan 150 bat lagun biltzen dira, eta hori sekulakoa da".

Elgoibarko Jaietako egitarauak, oro har, aldaketak eskatzen dituela iruditzen zaio, eta ekintzak tradizio hutsagatik mantentzeari ez dio zentzurik ikusten: "Tradizio hitza latinetik dator eta eman esan nahi du, ez mantendu. Ekitaldi batzuk berritu egin behar dira, nire ustez. Soka-dantza edota prozesioa zaharkituta ikusten ditut, eta beste herri batzuetan aldaketak egin dituzten moduan, Elgoibarren ere egin beharko lirateke".

Maalako Gune Askea irekia da, eta nahi duen orok har dezake parte, bai antolakuntzan edota kontsumitzaile moduan, baina beti ere jai alternatiboak zer diren kontuan hartuta. "Badakigu jende askok ez daukala jai alternatiboen kontzientzia garatuta, baina argi eduki behar da jai batzordea existitzen dela behar politiko bati erantzuteko edo, bestera esanda, diskurtso politiko instituzionalari aurre egiteko. Hala ere, ez da inor baztertzen Gune Askean, eta iritzi guztiak errespetatzen ditugu".

EGITARAUA

Abuztuak 22, barikua

  • 09:00 Erreka garbiketa.

Abuztuak 23, zapatua

  • 15:00 Presoen eskubideen aldeko herri bazkaria. Maalako parkean.
  • Ondoren, Labakarekin kantaldia.
  • 22:00 Kontzertuak

Abuztuak 24, domeka

  • 21:00 Larrain dantza. Maalako parkean.

Abuztuak 25, astelehena

  • 20:00 Itzal taldearekin erromeria.

Abuztuak 29, barikua

  • 15:00 Bazkaria, Sigmako aparkalekuan.
  • Segidan, jolasak.
  • 00:00 Jolasak, Maalan.

Abuztuak 30 zapatua

  • 22:00 Kontzertua, Maalan
  • Segidan, DJ saioa.