Bulego Azkoitiko musika taldearen emanaldia izango da sanbartolomeetako kontzertu nagusietako bat. Azkoitiarrek Bezpera Egunean, abuztuaren 23an, emango dute kontzertua Kalegoen plazan. Taldeko abeslaria den Tomas Lizarazu Elgoibarren izan zen duela gutxi, Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren barruan antolatutako ekitaldian, eta Elgoibarren ematekoak diren kontzertuaz galdetu zion BARRENek.
Urtebetetik gorako etena egingo duela iragarri zuen taldeak iaz, 2026an ez dira agertokietara igoko, alegia. Horregatik, urte bukaerara arteko zuzenekoak bereziak izango direla dio Lizarazuk. "Bizipen asko bizitzeko aukera izan dugu gure jarraitzaileekin batera. Oso azkar joan da guztia, bost urte ero izan dira, eta nahi dugu gure hurrengo pausoak orain arteko ederrenak izatea. Horretarako, behar dugu eszenatokietatik urruntzea, perspektiba pixka bat hartzea, atseden hartzea, bizipenak eszenatokietatik kanpo sortzea, eta, era berean, behar dugu ondoren etorriko den lana mimoz egitea", azaldu zuen abeslariak hartu zuten erabakia azaltzerakoan.