Bi elgoibartarrek parte hartu zuten Ehunmilak proban. Gorka Gonzalez Elorza 200. postuan sailkatu zen, 15:16:02ko denborarekin. Gonzalezek taldekako lehian ere hartu zuen parte, Lloranet taldearekin. Hiru korrikalaridun zazpi taldek eman dute izena, eta hirugarren postuan sailkatu zen Lloranet taldea. Ivan Romaña santurtziarrak eta Iñaki Carcoba arrasatearrak osatu zuten taldea Gonzalezekin batera. Hirugarrengoz hartu dute parte taldekako lehian eta itzultzeko eta postua hobetzeko gogoz daudela esan zuen Gonzalezek podiumetik eginiko adierazpenetan. Ehunmilak proban sufritu bezainbat gozatzen dutela gaineratu zuen. Taldekako lehian Zaragozako Jesus, Alfredo eta Juan Bailo Berdor anaiek osatutako taldea gailendu zen.
Iban Fernandezek ere hartu zuen parte Ehunmilak ultra trailean, baina Etzegarate inguruan erretiratu zen, hamabi ordutik gora zeramatzanean. Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra gailendu da aurtengo Ehunmiliak proban. 15.04.06ko denboran osatu zuen 125 kilometroko ibilbidea -171 kilometrokoa izan ohi da-. Emakumezkoetan Maria Victoria Soler espainiarra izan zen azkarrena (21.52.13)
Goierriko Bi Handiak
Bariku arratsaldean irten beharrean, zapatu goizean abiatu ziren proba luzeeneko 360 parte hartzaileak. Goierriko 2 Handiak proban ere ordutegi aldaketa izan zen, eta gaueko hamaiketan ordez, zazpietan atera ziren 90km egiteko. Denera 550 korrikalari lehiatu ziren Goierriko 2 Handiak proban eta Ander Iñarra lezoarra (10:42:43) eta Olatz Azazeta altsasuarra (13:48:53) izan ziren azkarrenak (iaz Mayi Mujikak irabazi zuen lasterketa hau, errekorra onduz). Bi elgoibartar lehiatu ziren proba honetan. Iratxe Osoro Vitores 33. postuan sailkatu zen emakumezkoetan, 21:44:20ko denborarekin. Juanan Martin Leivak 16:45:26ko denboran osatu zuen ibilbidea eta 156. postuan sailkatu zen.
Marimurumendi mendi maratoia
Hirugarren proban, berriz, Marimurumendi mendi maratoian, ez zen inolako aldaketarik egon, eta ohiko moduan, domeka goizean, 08:00etan, irten ziren 350 parte hartzaileak. Asier Azkarate arrasatearra (3:27:42) eta Ainhoa Intxasusti segurarra (4:23:50) gailendu ziren. Denis Saiz Saborido elgoibartarrak 72. postuan amaitu zuen proba, 4:54:52ko denbora eginda.