Aurtengoan, euskararen alde "egotetik" euskararen alde "egitera" pasako direla aldarrikatu dute gaur Kalegoen plazan bildutako dozenaka lagunek. Elgoibarko Euskarak 365 Egun Taldeko bi kidek aurkeztu eta azaldu diete herritarrei Euskaraldia egitasmoari buruzko xehetasunak. Ondoren, ahobizi eta belarriprest zer diren azaldu dute.
Euskaraz hitz egiten dakitenek edota euskara ulertzeko gaitasuna daukatenak aktibatu nahi ditu Euskaraldiak, euskara erabil dezatela, alegia.Horretarako jarriko dute martxan 11 egun euskaraz ekimena.
Hamaika egun horietan, 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest bihurtu nahi dituzte. Ahobizi ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dieten lagunak dira (baita ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egiten dietenak ere). Belarriprest, berriz, gutxienez euskara ulertzen duten kideak dira, gainontzekoei euskaraz aritzeko gonbidapena luzatzen dietenak.
Gaurko aurpezpena festa giroan amaitu da, Beitxu-beitxu kanta zuzenean jo baitute hamar musikari elgoibartarrek oholtza gainean. Plazan bildutako lagunek antolatzaileek hasieran eman dizkieten globoak puztu dituzte eta batera eta bestera astindu dituzte abestiak iraun duen bitartean.
∞ Lotura duten albisteak: