King Kong zubia hasi da itxura hartzen, eta Udaletik esandakoaren arabera, epe barruan doaz lanak. Gaur goizean Ikaroren eskultura jarri dute berriz lehengo lekuan, iazko urrian atera baitzuten bere lekutik, ibai gaineko pasabidea bota aurretik. Garabi handi batekin ekarri dute, eta hainbat langileren artean kokatu dute zubi berrian.
1998an jarri zuen Elgoibarko Udalak Ikaroren irudia King Kong zubian, eta zubia berritzeko lanak baliatu dituzte Ikaro bera ere zaharberritzeko. Ismael Garcia arduratu da lan horretaz. Esperanza D'Ors eskultore madrildarrak Ikaro sortu zuenean prozesuan parte hartu zuen Garciak, brontzezko gorputzari eta aluminiozko hegoei forma ematen lagundu baitzion. Orain, lehengo itxurara bueltatzeko hainbat lan egin ditu: azaleko kalteak garbitu, azidoa erabiliz patina berritu eta potasio sulfuroarekin, eta nitrato ferrikoarekin kolorea argitu die. Azkenik, pieza babesteko argizaria eman dio. Ikaroren hegoei ere distira berria eman die argizaria erabilita.
Ondo bidean, urte amaierarako bukatuko dituzte King Kong zubiko lanak.