Gaur goizean itxi dute King Kong zubia obraren bigarren faseari ekiteko. Lanen artean, Icaroren eskultura kendu dute gaur goizean. Hegan eraman dute, zerurantz, Ikarok berak egin zuen moduan. Ikaro Greziako mitologiako pertsonaia da. Kretako labirintoa eraiki zuen Dedalo arkitektoaren eta Naupakte izeneko emakume esklabo baten semea zen. Kreta uharteko erregeak, Minosek, dorre baten sartu zituen preso.
Dedalok ihes egin zuen, baina ezin zuen Kretatik itsasoz irten, erregeak belaontzi guztiak oso ondo zelatatuta zituelako. Minosek lurrak eta itsasoa menperatuta zituenez, Dedalok lumazko hegoak egiteari ekin zion, beretzat eta bere seme Ikarorentzat. Luma handienak hariekin josten zituen, eta luma txikienak argizariarekin lotzen zituen, txorien hegoen formakoak egin arte. Amaitutakoan, hegan egiteko prest zegoen ikusteko hegoei eragin, eta airean zebilela ikusirik, Ikaro semeari berdin egiten erakutsi zion. Aitaren aholkua: ez egiteko hegan eguzkitik hurregi, eguzkiaren berotasunak argizaria urtu egingo lukeelako, eta beheregitik ere ez joateko, itsasoko olatuen aparrak lumak bustiko lituzkeelako. Orduan aita-semeak hegan hasi ziren. Ikaro gorantz egiten hasi zen, zerura edo paradisura joan nahiko balu bezala. Eguzki beroak hegoetako argizaria urtu zion, eta lumak erori zitzaizkion.
1998an jarri zuen Elgoibarko Udalak Ikaroren irudia King Kong zubian, eta gaur kendu dute. Udaletik jakinarazi dutenez errestauratu egingo dute eskultura, eta berriz ere herritarren eskura jarriko dute. Esperanza D'Ors eskultore madrildarra da eskulturaren egilea. Era guztietako Ikaroak egin ditu D'Ors-ek. Elgoibarkoaren antzeko beste irudi bat ere badauka, Alicanten, El regreso de Icaro con su ala de surf izenekoa.
King Kong zubia irisgarriago egiteko lanak hasi zituen Udalak iaz, eta gaur bigarren faseari ekin diote. Fase honetan Deba ibaia eta errepidea zeharkatzen duten zubia kenduko dute, eta lanak 11 hilabeteko iraupena izango du. Epealdi horretan zubia itxita egongo da, eta oinezkoek Merkatu Plaza atzeko zubi zaharra erabili beharko dute Urazandira joateko. Maalako aldetik ere egongo da auzora igotzeko aukera, Morkaiko kaletik. Oinezkoentzako irisgarriago egiteko aparkalekuak kenduko dituzte ingurune horretan, espaloiak oso estuak direlako.