Icaroren eskultura zaharberritu du Ismael Garcia arte maisuak

Barren 2025ko eka. 13a, 14:37

Ikaroren eskultura zaharberritu duen Ismael Garcia udal agintariekin. Arg: Elgoibarko Udala.

Esperanza D’Ors eskultoreak sortu zuen Urazandiko zubitik zintzilik egon zen Ikaroren eskultura, eta Ismael Garciak ere hartu zuen parte sortze prozesuan. Garcia Elgoibarren izan da eskultura zaharberritzen.

Urazandi auzoa eta herrigunea lotzeko zubia berritzeko lanak direla-eta bere lekutik atera behar izan zuten Ikaroren eskultura. 1998an jarri zuen Elgoibarko Udalak Ikaroren irudia King Kong zubian.

Egun eta erdiko lana

Aukera probestuz, eskultura zaharberritzea erabaki dute eta obra hau oso ondo ezagutzen duen Ismael Garcia arduratu da zaharberritzeaz. Esperanza D'Ors eskultore madrildarrak Ikaro sortu zuenean prozesuan parte hartu zuen Garciak, brontzezko gorputzari eta aluminiozko hegoei forma ematen lagundu baitzion. Orain, lehengo itxurara bueltatzeko hainbat lan egin ditu: azaleko kalteak garbitu, azidoa erabiliz patina berritu eta potasio sulfuroarekin, eta nitrato ferrikoarekin kolorea argitu die. Azkenik, pieza babesteko argizaria eman dio. Ikaroren hegoei ere distira berria eman die argizaria erabilita. Egun eta erdi behar izan dfitu zaharberritze lanotarako, 10 orduko lana, zehatz mehatz.

Ibilbide artistikoa luzea eta emankorra duen artista

Ismael Garciak eskarmentu eta sona handia du arte munduan. 1969an hasi zuen arte munduan egin duen ibilbidea, Eduardo Capa eskultore eta Arte Ederretako katedradunarekin batera. Maisu eta ikasle harremanari 24 urtez eutsi zioten.. Hasiera batean tailer txiki batean ikasi zuen ofizioa, eta ondoren Arte eta Lanbide Eskolara jo zuen, Madrilgo Palma kaleko zentralera, non pintura-tekniken sailean hasi zen. Hala ere, tailerrean buru-belarri jardutea erabaki zuen eta han ezagutu zuen fundizioaren mundua, bere benetako bokazioa.

Garcíaren ibilbide artistikoa luzea eta emankorra izan da. Euskal Herrian harreman estua izan zuen Oteizarekin, zeinak Deban arte eskola bat sortzea nahi zuen. Baita Antonio López margolariarekin ere, urte luzez lankidetzan jardun baitzuen margolari ezagunarekin. Nazioartean ere aritu izan da lanean, besteak beste, Cristino Mayo eta Pérez Comendador bezalako artistarekin. Aitzindaria izan zen “Patina” deituriko teknikarekin lan egiten eta aditu handienetarikoa da. Bere eskuetatik 3.000 monumentu baino gehiago igaro dira, eta Amerikako Estatu Batuetako eskultoreek ere bere tailerra bisitatu izan dute. 2014an, ibilbide profesionala amaitzea erabaki zuen, familiaz eta bizitzaz gozatzeko helburuarekin. Ikaro zaharberritzeko eskaerak atera du bere erretirotik, baina gustura egin duen lana da, kapritxo bat bezalakoa izan dela adierazi du, eta gainera Euskal Herrian bizi izandako lehengo garaiak gogora ekartzeko balio izan dio.