Makina Erremintaren Museoak SIF saria jaso du

Barren 2025ko eka. 21a, 10:20

Fabrikazio Ingenieritza Elkarteak (SIF) urtero banatzen ditu SIF sariak, eta 2025ekoa Elgoibarko Makina Erremintaren Museoari ematea erabaki dute. 

Sari emaleek honela arrazoitu dute: "Makina-erremintarekin lotutako ondare industriala berreskuratzeko eta kontserbatzeko museoak egion duen ekarpen nabarmenagatik, bilakaera teknologikoa erakusteko baliabide didaktikoa delako eta iragana jasotzen duen dokumentazio-zerbitzu bat garatu duelako, makina-erremintaren sektorearen etorkizuneko garapen teknologikorako baliagarria izan daitekeena".

Eguenean egin zuten saria banatzeko ekitaldia, Bilbon, Manufacturing Engineering Society International Conference (MESIC 2025) kongresuaren itxiera ekitaldian. Rafael Barrenecheak, Rafael Zulaikak eta Iker Garciak jaso zuten saria, Museoko presidentea, zuzendaria eta zuzendari-ordea, hurrenez hurren. AFM Clusterreko patronokidea den Maria Ruiz-Lopetegiren eta SIFeko presidente Lorenzo Sevillaren eskutik jaso zuten saria (goiko iruidian).

Makina Erremintaren Museoak aitortza eskertu dio Fabrikazio Ingenieritza Elkarteari. "Aurreko edizioetan garrantzi handiko erakundeei eman diete SIF Saria, hala nola Espainiako Kultura Ondarearen Institutuari, Espainiako Metrologia Zentroari, AFMri edo Talgori, besteak beste. Museoarentzat, erreferente horien artean egotea bultzada bat da lanean jarraitzeko, orain arteko bokazio berarekin. Museoak bere lana egiten jarraituko du Elgoibarko Udalaren, IMH Campusen, AFM Clusterren, Danobatgroupen eta museoaren 70 erakunde lagunen babesarekin. Sari hori lagungarria da etorkizunari aurre egiteko, kontserbazio, dibulgazio eta etengabeko bilakaeran dagoen industria-sektorearekiko konpromisoarekin. Izan ere, museoak sektorearen historia teknologikoari balioa eman dio martxan dauden makinen erakusketa biziarekin eta dokumentu-funts zabal batekin", adierazi dute Museoko arduradunek.  

1998ko abenduan ireki zuten Museoa, eta iaz ospatu zuten 25. urteurrena

Makina Erremintaren Miseoak SIF Sarietan jaso zuen diploma.