Iñigo Lariz Euskal Selekzioarekin lehiatuko da Bertikalen Espainiako Txapelketan

Barren 2025ko eka. 12a, 15:33

Iñigo Lariz Txindokiko kilometro bertikalean.

Euskal Selekzioaren deia jaso du Iñigo Larizek, Bertikalen Espainiako Txapelketan lehiatzeko.

Adinean aurrera doan arren, sasoiari eta lehiakortasunari eusten dio Iñigo Larizek, eta Kilometro bertikalen Espainiako Txapelketan lehiatzeko deitu du Euskal Selekzioak. Lau kidek osatuko dute senior gizonezkoen taldea: Iñigo Larizek, Paul Ormaetxeak, Oier Etxebarriak eta Oier Zubeldiak. Lariz espezialista da igoera bertikaletan eta urteetan pilatu duen eskarmentua baliagarri izango zaie selekziokideei. Larizek birritan irabazi zuen kilometro bertikalen Espainiako Txapelketa senior kategorian, 2013an eta 2017an, eta iazkoan beteranoen kategorian gailendu zen, Ezkarain.

Villanuan (Aragoi) jokatzen duten Collaradako 2KV lasterketan egongo da jokoan 2025eko Bertikalen Espainiako Txapelketa. Domeka honetan jokatuko dute, ekainaren 15ean, eta 320 mendi lasterkari espero dituzte Hueskako Pirinioetan dagoen herrian. Indibiduala jokatzeaz gain, selekzioen arteko txapelketa ere izango da.