Javier Osoro hirugarren, Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketako sailkapen nagusian

Barren 2025ko eka. 3a, 15:38

Javier Osoro, Gipuzkoako txapelketako lehen jardunaldian, Soraluzen. Berak irabazi zuen tiraldia. Arg: Egoitz Unamuno.

Hamar jardunaldi jokatu ostean, bukatu da Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketaren 54. edizioa.

Leintz Gatzagako bolatokian jokatu zuten Gipuzkoako txapelketako azken tiraldia zapatuan. 70 bolarik parte hartu zuten, eta Floreaga taldeko Gorka Etxaniz azkoitiarra gailendu zen, 7 txirlo botata. Elgetako taldeko Jose Angel Fernandezek eskuratu zuen bigarren postua, 6 txirlorekin. San Migel taldeko Angel Ibarluzea sailkatu zen hirugarren postuan, 6 txirlorekin.

Aransolo bizkaitarra, Gipuzkoako txapeldun

 Hamar jardunaldietako emaitzak batuta, Jon Aransolo Etxaburu izan da erregularrena, eta 38 txirlo botata, bera da Gipuzkoako txapeldun berria, iaz seigarren txapela irabazi zuen Angel Ibarluzeari lekukoa hartuz. Aransolo markinarra den arren, Elgetako taldearekin lehiatzen da. "Inoiz inon txapelik irabazi gabe nengoen, eta oso pozik nago maila altuena duen txapelketan, Gipuzkoakoan irabazi izanagatik", adierazi zuen Leintz Gatzagako tiraldia amaitu berritan. Gorka Etxaniz azkoitiarra izan da txapeldunorde, 35 txirlorekin eta Javier Osoro bolari elgoibartarrarentzat izan da hirugaren postua (32 txirlo). Osorok irabazi zuen txapelketako lehen jardunaldia, Soraluzen, eta harrezgero sailkapen nagusiko goi aldeko postuei eutsi die jardunaldiz jardunaldi, podiumean bukatu arte. 
Emakumezkoetan, UDA taldeko Isana Gorosabel aretxabaletarrak irabazi du Gipuzkoako txapelketa. Bikotekako sailkapenean, Sebas Aranzabal elgetarra eta Bergarako San Joxepe taldeko Asier Azkaratek osatutakoak lortu du Gipuzkoako onena izatea. 

Jon Aransolok (eskuman) irabazi du Gipuzkoako Hiru Txirlo txapelketaren 54. edizioa.

Sailkapen Nagusia
  • Jon Aransolo ................38 txirlo
  • Gorka Etxaniz ..............35
  • Javier Osoro ..................32
  • Sebas Aranzabal ............31
  • Asier Azkarate ..............30
  • Ganix Rodriguez ..........30
  • Jose Antonio Nuñez..........22 
  • Bittor Nuñez.....................14

Lehendakari Saria, Floreagako bolatokian

Denboraldiko irabazleak zeintzuk diren argi geratu den arren, sariak ekainaren 7an jasoko dituzte, Azkoitiko Floreaga auzoko bolatokian jokatuko duten Lehendakari Sariaren ostean. Azken tiraldi honek estimazio handia izaten du bolarien artean, kanporaketa eran jokatzen dutelako eta ez delako emoziorik falta izaten kanporaketek aurrera egin ahala. 64 bolari lehiatuko dira. Ondoren elkarrekin bazkalduko dute eta sariak banatuz emango diote amaiera Bolari Egunari.

Hona Leintz-Gatzagako tiraldia, irudietan (Arg: Goiena):