Barikuan hasi zuten Emakumeen Gipuzkoako Itzulia, Urnietan, Ordizia jokatu zuten bigarren etapa, eta azkenengoa Elgoibaren hasi eta bukatu zen atzo, domeka.
Elite eta 23 urtez azpikoen kategorian Laia Puigdefabregas Ariz (Vipeq Team) izan zen azkarrena. Bakarrik gurutzatu zuen Pedro Miguel Urruzuno kalean zegoen helmuga, 88,9 kilometroko ibilbidea 02:22:36ko denboran osatuta. Irabazleak zazpi segundoko aldea atera zion hirukote bati: Claudia Sanchez (Tenerife Bike Point La Sede), Maite Urteaga (Grupo Eulen-Nuuk) eta Alba Codony (Baix Ter Club Ciclista).
Maite Urteaga, Idotorbeko aldapetatik Gipuzkoako txapelketara
Sailkapen orokorrean Maite Urteaga Sorazu (Zumaia, 2000) txirrindularia gailendu da, 03:55:25eko denborarekin. Zumaiarra 2022. urtean hasi zen txirrindularitzan eta Idotorbeko Igoeran hartu zuen parte urte hartan. Iazkoan ere lehiatu zen eta errekorra ondu zuen, hiru urtean egin duen aurrerapen itzela agerian lagaz. Mendi lasterketetan ere lehiatzen da eta berak irabazi zuen apirilean Kilimon Trail lasterketa motza. Orain, nazioarteko partaidetza duen Gipuzkoako Itzulia irabazi du. Sailkapen orokorrean 19 segundoko aldea atera dio Claudia Massari eta 22 segundokoa hirugarren postuan sailkatu den Alba Codonyri. Urteagak 11. postua eskuratu zuen Urnietan jokatu zuten 1,8 kilometroko erlojupekoan (junior mailako txirrindularia den Maier Olanok irabazi zuen lehen etapa). Ordiziako bigarren etapan Maite Urteaga izan zen indartsuena eta 23 segundoko aldea atera zion bigarren sailkatuari, Wanda Florencia Villanueva boliviarrari. Gainera, Ordiziakoa Gipuzkoako txapelketa ere bazen, eta hortaz, Urteagak irabazi ditu Gipuzkoako Itzulia eta Gipuzkoako txapelketa.
Irati Aranguren indartsuena juniorretan
Andoaingo Txirrindulari Eskolako Irati Aranguren Carbayeda nagusitasunez gailendu da junior kategorian. Bigarren postuan sailkatu zen Urnietako erlojuz kontrakoan, Maier Olano irabazlearearengandik bost milesimara. Bigarren etapan, garaipena eskuratzeaz gainera, minutu bat eta 27 segundoko aldea atera zion bigarren egin zuen Maier Olanori. Elgoibarren hasi eta amaitu zuten hirugarren etapan ere Aranguren eta Olano izan ziren indartsuenak, alde handiaz. Elkarrekin helmugaratu ziren eta Arangurenek irabazi zuen azken etapa. Sailkapen orokorrean minutu eta 27 segundoko aldea atera dio Maier Olanori. Gemma Toledorentzat izan da hirugarren postua.
Lluna Jimenez onena kadeteetan
Kadete mailakoen artean Lluna Jimenez Gonzalez (Baix Ter Women´s Academy) txirrindulari kataluniarra gailendu da (01:56:20), eta Noa Vega (Baque Movistar Team) eta Naxarra Odriozola (Zu-K Limousin) sailkatu dira bigarrena eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Elgoibarko azken etapan Maixa Odriozola (Zu-K Limousin) izan zen azkarrena (0:56:49) hamasei txirrindulariz osatutako tropeltxoak jokatu zuen esprintean.