Lasterketa luzean, lehia estua izan zen gizonezkoetan ibilbide osoan zehar, baina Xabier Macias Cipriain iruñearra izan zen helmugaratzen azkarrena, 2:05:49ko denbora eginda. Haren atzetik, sartu ziren helmugan azkeneko kilometroetan orpoz orpoz ibili ziren Sergi Padulles eta Iraitz Legorburu, 29 segundora. Aurrekoen artean, gutxitan ikusten den irudia erakutsi zuten helmugan, gainera, eskutik helduta sartu baitziren Bergarra (Lleida, Katalunia) eta getariarra, 2:07:56ko denbora eginda. Mestafa Mahoud basauriarra (2:10:02) eta Mikel Unda Garamendi bilbotarra (2:10:55) izan zituzten lagun podiumean, aurreneko bostak saritu baitzituen atzo antolakuntzak. Etxekoen artean, Iraitz Ferreira mendaroarra izan zen azkarrena (2:29:44).
Oihana Kortazar azkarrena
Emakumezkoetan, berriz, Oihana Kortazar mutrikuartutako elgetarra izan zen garaile 2:21:13ko denbora eginda. Bigarren Ainhoa Intxausti segurarra sailkatu zen (2:35:04) eta Oihane Unzalu abadiñoarra, hirugarren (2:35:37). Laugarren egin zuen Maite Maiora mendaroarrak (2:38:35) eta haren atzetik helmugaratu zen Sara Gutierrez gasteiztarra (2:39:00).
Gaintxipiako tontorrera igotzen azkarrenak
Lasterketa luzekoek 23 kilometroko ibilbidea osatu zuten, eta bidean, Gaintxipia tontorrerako igoera ere kronometratu zieten. Igoera horretan sailkapen nagusian bigarren egin zuen Sergi Padulles izan zen azkarrena (0:03:45), eta atzoko irabazleak, Xabier Maciasek, egin zuen bigarren denborarik onena (0:03:58). Hirugarren denborarik onena, berriz, Iraitz Legorburuk eman zuen (0:03:59).
Motzean, Ibon Badiola eta Nerea Urteaga nagusi
11 kilometroko lasterketan, Ibon Badiola Lersundi ondarroarra (0:54:37) eta Nerea Urteaga Sorazu zumaiarra (1:06:51) izan ziren atzokoan garaile. Gizonezkoetan, Aner Zuluaga igorrearrak eta Gaizka Arbizu berriozartarrak osatu zuten podiuma, baina aipagarria da Eneko Etxaniz elgoibartar gazteak lortu zuen laugarren postua ere. Irabazlearengandik bi minutu eta 46 segundora helmugaratu zen Etxaniz (0:57:23). Helmugaratzen lehenengo mendaroarra Julen Dobarro gaztea izan zen (1:00:43). Aurrea hartu zion Dobarrok azkeneko urteetan sari bera eskuratu izan duen Jon Larrañaga herrikideari (1:01:24).
Emakumezkoetan, berriz, Alaitz Egaña elgoibartarra (1:10:53) eta Uxue Barrutia durangarra (1:11:00) igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren koskara. Lasterketa motzean, Nagore Urkiza izan zen helmugaratzen lehenengo mendaroarra. Sailkapen nagusian 75. Egin zuen Urkizak, 1:19:23ko denbora eginda.
Lasterketa motzekoak Lizarpe paretik, eta luzekoak Gaintxipiatik igaro diren uneko argazki-sorta, behean.