Elgoibartarrek Loiuko C.D. Urdaneta taldea izan dute aurkari Euskal Kopako finalean, eta parekotasun handiko partida jokatu dute. 28nako berdinketarekin amaitu da arauzko denbora, eta luzapenean 5 eta 2 gailendu dira Malapekoak. Hala, 33-30 izan da azken emaitza. June Zubiaurre izan da taldeko goleatzaile nagusia, hamar gol sartuta. Nahia Urbiolak sei sartu ditu eta lau gol Maialen Alonsok. Urdanetan Ines Lejarreta nabarmendu behar da, hamalau gol egin baititu.
Malapek denboraldi hasieran lortu zuen Euskal Koparako finala jokatzeko sailkatzea, artean liga txapelketa hasi gabe zegoenean, irailean. Barakaldoko Zuazo taldea kanporatu zuten finalerdian. Hortaz, liga amaitu arte itxaron behar izan dute finala jokatzeko.
Malapek Ohorezko Zilarrezko Mailara igotzeko Lauko Finala jokatu zuen aurreko asteburuan, baina igoerarako lehiatik kanpo gelditu ziren finalerdietan Urdaibairen aurka galduta. Kanporaketak lagatako aho zapore gazia gozatzeko balioko die gaur eskuratu duten tituluak.