Elgoibartarrek Zuazo taldea izan zuten aurkari, joan den zapatuan partida bakarrera jokatu zuten finalerdian. Gainera aurkariaren etxean, Barakaldon, jokatu zuten finalaren atarikoa. Usteak betez, neurketa parekatua jokatu zuten eta arauzko denbora berdinduta amaitu zutenez, luzapenean erabaki zen partida. Malapek 31-34ko emaitzarekin irabazi zion Zuazori. June Zubiaurre eta Nahia Urbiola izan ziren Malapeko goolegile onenak, 11 eta 7 gol sartuta. Partidan sartzea "kosta" egin zitzaiela aitortu zuten Malapeko jokalari Aiala Sierrak eta Naroa Alonsok partida ostean eginiko adierazpenetan. Euren ustez bigarren zatietan hobeto aritu ziren. Iritzi berekoa da Lorea Gabilondo entrenatzailea. Partida bukatzeko 15 minuturen faltan bost goleko aldeaz galtzen ari ziren arren, "poliki-poliki" markagailuko aldea murriztea lortu zutela dio. Hala, azken segunduetara gol bat behetik iritsi ziren, 28-27ko emaitzarekin. Gabilondok hutsartea eskatu zuen 15 segunduren faltan eta ezin hobeto irten zitzaien prestatutako jokaladia, partida berdindu zuen gola sartu baitzuten. Luzapenera aurkaria baino indartsuago eta freskoago iritsi izana erabakigarria izan zela uste du, alegia, denboraldi aurrean Sallobenten gora eta behera eginiko korrika saioek eman dutela lehen fruitua. Eta azkena ez izatea espero du Gabilondok, pozik eta itxaropentsu baitago osatu duten taldearekin.
Finala, maiatzean
Euskal Kopako finala liga bukaeran jokatuko dute, maiatzean ziurrenik, oraindik zehazteke dagoen egunean eta lekuan. Malapek urriaren 13an hasiko du Liga txapelketa Errenterian, Ereintza taldearen aurka.
Senior gizonezkoen Alcorta Forging Gropu taldeak ere etxetik kanpo hasiko du liga txapelketa, domekan, Muskizen, Petronor Muskiz taldearen aurka.
- Asteburuan Sanloko taldeek etxean jokatuko dituzten partiden egutegia