Elkarrizketa

Paula Pelaz: “Indarra ematen dit mendiak; indarra, ilusioa, barne-bakea eta askatasuna”

Ainara Argoitia 2025ko mar. 21a, 16:13

Paula Pelaz, Dolomita mendietan, Italian.

Gerra ostean jaio zen, Palentziako mendialdeko herri batean, eta beste askoren antzera, aukera bila etorri zen Euskal Herrira Paula Pelaz (Pison de Castrejon, Palencia, Espainia, 1941), umetatik liluratuta izan zuen Peña Redonda mendia atzean lagata. Atzera-aurrera batzuk eta gero, Elgoibarrera iritsi zen, eta hemen bertakotu. Elgoibarren osatu zuen familia eta eman zion bidea bere afizioari, mendizaletasunari. Gaur, emakume mendizaleen Txitxibilaldiak taldekoa da, eta joan zen abenduan Kirol Saria eman zion Elgoibarko Kirol Patronatuak, Mendia Sailean.

Kirolari erreferenteen saria eman zizuten Gabonetan, Urteko Kirol Sarietan. Zer izan zen hura zuretzat?
Ilusio itzela egin zidan. Deitu zidatenean oso urduri jarri nintzen, ez nuelako ulertzen zergatik aukeratu ninduten, baina beste batzuek nigan zerbait ikusi izanak izugarri poztu ninduen. 84 urte beteko ditut martxoaren 26an, eta hemen naukazu, sinistu ezinda moduan. Zoriontsu naiz, eta sasoiko sentitzen naiz. Carlos Soria mendizale eta alpinistaren pentsakerakoa naiz. 'Ez egin kasurik adinaz dioten gauzei. Adina ez da oztopo bizitzaz eta kirolaz gozatzen jarraitzeko', esaten digu Carlosek, eta ez du arrazoirik falta. Gu baino gazteago diren makina bat dabiltza buruko osasun arazoekin-eta, eta horrek tristetzen nau ni. Buruak esaten dit ahal dudan bitartean jarraitzeko mendiaz gozatzen, nire erritmora beti ere. Mendian -eta bizitzan- hori da garrantzitsuena, jakitea norberaren ahalak zeintzuk diren. Horregatik gustatzen zait niri gero eta gehiago mendira bakarrik joatea, ez dudalako nahi izaten besteen erritmoa oztopatzerik.

Palentziarra zara sortzez, mendialdekoa. Zer harreman izan zenuen han mendiarekin eta nolatan etorri zinen Euskal Herrira?
Ume-umetatik liluratu naute mendiek. Pison de Castrejongoa naiz jaiotzez, Palentziako mendietako herri txiki batekoa, paraje zoragarrikoa, eta akordatzen naiz Peña Redonda tontorrarekin amesten nuela umetan. (Peñako mendilerroa, 1.993 metro). Hari begira bizi izan nintzen han, baina orduan ez geneukan aukerarik hara igotzeko. Gerra ostea zen, garai zaila, eta etxean lagundu beharra izaten genuen eskolatik irtendakoan. Euskal Herrira etorri eta gerora zapaldu nuen estreinakoz Peña Redonda. Bilbora etorri nintzen 18 urte bete aurretik, moja egiteko asmoz. Laster jabetuko nintzen hura ez zela niretzako bizimodua, baina gure gazte garaiko eskasia hartan aukera bat ikusi nuen, banuelako lehengusina moja apain bat eta ikusten nuelako zoriontsu bizi zela. Gose urteetan jaiotakoa naiz. Animalia gutxi batzuk eta ortua geneuzkan etxean eta handik atera zuten bizimodua gure gurasoek. Bost neba-arreba izan gara gu, neu zaharrena, eta ez dut esango umezaro txarra izan genuenik, umetan beste modu baten bizi delako dena, baina gure gurasoek nahikoa estuasun ibili zuten. Akordatzen naiz etxeko arrautzak gorde egiten zituela amak, saldu eta diru harekin oinarrizko elikagaiak erosteko. Ez genuen guk arrautza askorik jan etxean! Denbora bat egin genuen lehengusina eta biok Bilbon, Santanderrera eraman gintuzten gero, baina halako batean konturatu ginen hura ez zela guretzako egina, eta itzuli ginen jaioterrira, dena lagata. Han ez zegoen ezertarako aukerarik, baina, eta 18 bat urte eginda bueltatu nintzen berriro Bilboko etxe batera, umeak zaintzera.

Nola oroitzen duzu Bilbo?
Trenez etorri ginen Euskal Herrira. Grisa zen orduan Bilbo, keak ilundutakoa; zer esanik ez paraje garbi eta zabaletik zetorren batentzat! Beste bizitza batekoak iruditzen zaizkit orduko kontuak. Urte batzuk egin nituen han, harik eta Elgoibarren lana topatu zidaten arte. Sigman lan egiten zuen senarra izango nuenak, eta haren lankide batzuen etxean hasi nintzen, umezain. Elgoibar beste gauza bat zen. Hemen gertuago ikusten nituen mendiak, baina hala ere, umeak izan eta gero arte ez nintzen hasi mendian. Ordura arte, nahi bai, baina ez neukan zeinekin joan. Pili Martinezen familiarekin hasi ginen gu, etxekook, mendira. Morkaikon eman genuen izena eta esnatu zen barruan neraban harra. Indarra ematen dit mendiak; indarra, ilusioa, barne-bakea eta askatasuna.

Txitxibilaldiak taldekoak Dolomitetan, Paula bera buru dela.

Nola batu zinen gero Txitxibilaldiak taldera?
Ez dakit orduan izenik geneukan, baina Txitxibilaldiak ez zen behintzat, izen hori 2016an hartu genuelako, 2015eko martxoan betirako galdu genuen Lourdes Zubiaurre Pujana Txitxi lagunaren omenez. Mariaje Izagirre, Marijose eta Izaskun Estibaritz ahizpak, Jose Luisa Huergo izan ziren talde horren aitzindari. Ni neu Pitxintxukoen eskutik iritsi nintzen taldera. Esango nuke Pitxintxu izan dela guzti honetan gune nagusia; gauza asko egosi dira han, Uxue Alberdik Dendaostekoak liburuan kontatzen duen bezala. Nolanahi ere, Izaskun eta Marijoseren ama zena emakumeen taldera batzera joan nintzenean sartu nintzen ni mobida honetan. Elgoibarren hasia zen emakume talde bat gure eskubideen alde mugitzen, Juan Sanchez Vallejo medikuaren emaztea zen Isabel Valle, Gloria Santiago, Victoria Rubio eta abar dauzkat gogoan, eta haien ondora eginda nenbilen ni. Egonezin bera geneukan. Sarri hitz egiten zen euskal matriarkatuaz hemen, baina ez zen erreala. Azpiratua ikusten genuen emakumea, gizonen menera, eta hasi ginen mugitzen, abortatzeko eskubidearen alde-eta. Ama tentatzera joan nintzen ni Pitxintxura, baina Izaskun eta Marijose ere batu ziren mugimendu hartara, gaztetatik izan direlako oso borrokalariak. Haiek proposatu zidaten mendiko taldera batzea.
Gizonekin batera egiten genituen guk orduan planak. Hala zen garai hartan, behin ezkonduz gero, baina gu sinistuta geunden emakumeok ere behar genuela gure espazioa eta denbora eta sortu behar genituela guretzako aisia aukerak eta aitortu behar geniola gure buruei kirolerako eskubidea ere. Hala sortu zen gure taldea.

Nola ulertu zuten herrian hori?
Denetarik izan zen. Batzuek oso ondo ikusi zuten, baina beste askok errezeloz hartu zuten, 'nora uste dute hauek iritsi behar dutela!' esanez moduan. Eta pentsa zenbat ibili eta zenbat gailur egin ditugun geroztik. Aspera (Pirinioak, 2.645 metro) egindako lehenengo espedizio hura daukat bereziki gogoan. 8-10 lagun joan ginen, autobus arrosa batean, eta zoragarria izan zen. Gailurra egin genuen momentuaz oroitzapen gutxi dauzkat, kostata egin banuen ere, baina ondo gogoan daukat jaitsiera gogorra izan zela. Harri solte asko zegoen eta sufritu zuten nire oinek. Bailarara iritsi ginenean oinetakoak kendu, ortozik ibili eta errekastoan sartu ginela oroitzen dut. Nire lehenengo 3.000ko mendia Taillon izan zen, baina. Pili Martinez eta haren etxekoekin igo genuen alaba eta biok. 40 urte ondo beteak nituen ordurako.

Mendian bakarrik ibili zalea zarela diozu, baina taldean asko ibilitakoa zara. Iberiar penintsulako mendi garaienak igo eta tokian tokiko kultura ezagutzeko proiektuari ekin diozue orain ere Txitxibilaldiak taldekook. Zer da zuretzat taldea?
Zoragarri moldatzen gara. Izaskun [Estibaritz] da taldeko liderra. Berak diseinatzen ditu ibilbideak eta plan guztietan egoten da B plan bat, gaitasun eta erritmo ezberdinetakoak gaudelako taldean. Azkeneko irteeran, Alacantera egin dutenean, ez dut parte hartu, hegazkinez egin behar zelako bidaia eta askoz aurretik hartu behar zelako dena, baina bai Soriakoan. Irteera hartan Zaragozako mendi garaiena igo zuten beraiek, Moncayo (2.314 metro), baina Soriako bigarren tontorrik handienera, Muela de Urbionera (2.228 metro) neu ere igo nintzen, atzetik, eta Errioxako tontorrik garaienera ere iritsi nintzen, San Lorenzora (2.271 metro). Norberak hartu behar du neurria mendian, baina gailurra egin gabe ere mila aukera daude mendiaz gozatzeko. Taldean izugarri ondo moldatzen gara. Lanak banatzen ditugu, eta oso ondo zaintzen dugu elkar. Piriniotara egin dugun azkeneko irteeran, esaterako, gailurra egiteko egunetan nik eta beste bik afaritarako lekua topatzen genuen, besteak jaisten zirenerako. Niretzat marabila bat izan da jende hau ezagutzea, eta zorte handiko sentitzen naiz eurekin hainbeste momentu on partekatzeagatik. Mendiak eta adiskidetasunak batzen gaitu, baina egonezin asko partekatzen ditugu, bereziki, libre izateko gogoa. Bizitza eman dit niri Txitxibilaldiak taldeak.

Kilimanjarora igo zenutenekoa izan zen bereziki sonatua. Zer izan zuen berezia espedizio hark?
Izugarria izan zen dena, bai prestaketak, bai igoera... dena. Kosta zitzaien batzuei espedizio hura ulertzea. Lankide baten purrustada daukat gogoan. 'Afrikaraino joan behar al zarete mendi bat ikustera? Ez al duzue beste mendirik gertuago?', esan zidan, eta nik erantzun: 'Ikustera ez, igotzera goaz'. Jende batek ez zuen ulertzen etxeko obligazioak lagata Kilimanjarora joatea, baina gure seme-alabek aitak ere bazituzten. Esango nuke denok bizi izan genuela hori, beste askoren ulertu ezina. Senarrak berak ere batzuetan animatzen ninduen joatera, baina ez beti. Gehienetan ez zuen ulertzen, garaiko gizona zelako hura ere. Ezin dugu gaur egundik inor epaitu. Zorionez gauzak asko aldatu dira, onerako, oraindik badagoen arren zer hobetua. Zamaketariekin eta mendiko gidari batekin igo genuen Kilimanjaro (5.895 m.). Bi gailur egin genituen espedizio hartan. Aklimataziorako, Meru igo genuen, 4.566 metrokoa, eta gero egin genuen Kilimanjaro. Ez dakit Meru bera ez zen gogorragoa izan! Akabatuta jaitsi nintzen, baina han egotearen ilusioak berpiztu ninduen biharamunerako.

2001ean Kilimanjaro (5.895 metro, Tanzania) eta Meru mendiak igotzera joan zireneko argazkia.

Hainbeste ibili eginda, beteko zenuen Peña Redonda igotzeko umetako ametsa, ala?
Bai. Semeak 14 bat urte zituenean igo genuen estreinakoz koinatua eta hirurok. Eta neba Jose Luisek erretiroa hartu zuenean igo nintzen berriro. Elgojaiotzakoa da gure neba eta beti esaten zuen jubilatutakoan jaiotza bat hartuta joan behar ginela hara. Lantegian egin zuen, eta haren taldekide bat ere etorri zen gurekin.

Jubilatuen Biltokikoek proposatu zuten zure izena Kirol Sarietarako. Zein da zure parte-hartzea han?
Kontsumitzaile hutsa naiz. Antolatzen dituzten irteera osasungarrietan parte hartzen dut, baina aste honetakora ezingo naiz joan, aurrerako batean Itziartik Debara bidean jausi eta oraindik ez nagoelako pisua bizkarrean hartuta ibiltzeko. Egunero ibiltzen naiz, eta asteburuan Parapaneraino igo nintzen, aldapan gora probatzeko. Hobeto nago, eta laster naiz berriro Karakaten. Gustatzen zait Azkaratera igo eta Sallobentera jaistea ere. Nahi beste aukera daukagu ibiltzeko. Jabetzen naiz adinarekin indarra galtzen ari naizela, baina nire pausoan edonora iritsi naiteke. Beste sekreturik ez dago hemen: ibili.
Elgoibarko Itzulian, Aiastiaraino igo ginen taldean. Handik Morkaikora igo behar zen gero, baina hain zegoen bero handia han gora ekiteko, lasterbidea hartu eta Idotorbera jaitsi nintzela. Itzuli erdia inguru egin nuen, eta pozik. Ibilian disfrutatzen dut. Ez daukat gailurra egin beharrik, eta ez naiz erlojuari begira egon zalea. Ez dut ulertzen mendira kaskoak jantzita eta erlojuaren kontra igotzen den jendea. Natura entzun eta ikustea gustatzen zait niri, eta erne behar dira belarri eta begiak horretarako. Patxada behar da gozatzeko ere. Txantxangorri bat izan dut lagun Berazetara egindako osteretan. Eskura etortzen zitzaidan jatera. Gauza ederragorik... Txoriak eta tximeletak lagunak ditut, eta gustatzen zait haiei argazkiak egitea. Korrika dabilenak nekez du haiekin gozatzeko aukerarik.

Feminismoan militatzeak eraman zintuen Txitxibilaldiak taldera. Gaur egun, Haizea taldeko kide ere bazara. Zer izan da Haizea Elgoibarrerako?
Haizea existituko ez balitz, sortu egin beharko genuke. Emakumeak elkartzeko gune bat da. Lila Emakumeen Etxea ere badaukagu gaur, eta ikusi behar da zenbat gauza antolatzen diren Haizearen eta Lilaren bueltan. Ahal dudan guztian parte hartzen dut. Haizean buru-belarri dabiltzanek sekulako lana egiten dute, emakumeok ahalduntzeko, eta eskertzekoa da.