Musika Eskolan beharrean Herriko Antzokian egingo dute aurten Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sariak banatzeko ekitaldia. Carlos Soria (Avila, Espainia, 1939) alpinista ezagunak eman duen hitzaldiarekin hasi dute saioa.
Bere bizitzaren errepasoa egin du Soriak, munduko mendi garaienetara egin dituen igoeretako argazki eta bideo ikusgarriak zine pantaila handian erakustem zituen bitartean. Zangoak bezain azkarra du burua 85 urteko mendizaleak, eta umorea ere piolet punta bezain zorrotza. 45 minutuan errepaso bizi-bizia egin du eta bere balioak zein diren ere argi utzi du. "Mendian dabiltzan askori ahaztu egiten zaie gailurra norbere etxera itzultzean lortzen dela. Gauzak ondo egitea nahiago dut helburuak betetzea baino. Gainera alpinismoa ez da gailurrak igotzea soilik, ersperientziak bizitzea eta jendea ezagutzea ere bada", esan du. Eta, nola ez, adina ere hizpide izan du, otsailean Manaslu mendira igotzeko asmoa duen Soriak. "Erretiroa hartzen den adin seinalatu horrekin, 65 urterekin, igo nuen K-2 mendia. Erretiroa hartzea bizimodu berri bati ekiteko aukera da, eta gauza asko egin ditzakegu. Ez da inoiz amore eman behar, ez bota errua adinari, gure burua zaintzen badugu, gure burmuinak bide onetik eramango gaitu".
Txalo zaparrada batekin eskertu dute antzokian batutakoek Soriaren kontakizuna. Gero, galderen jokoan parte hartzeko aukera izan dute eserlekuetan zeuden lagunek, euren mugikorrak erabilita. Zenbat elgoibartarrek zapaldu duten 8.000 metrotik gorako gailur bat izan da egin dieten lau galderetako lehena. Lau zifra eman dizkiete aukeran (0, 1, 2 edo 3) eta gehienek bi direla erantzun duten arren, Pablo Barrenetxea da 8.000 metrotik gorako gailur bat zapaldu duen elgoibartar bakarra, 1993ko uztailaren 7an igo zen Nanga Parbatera.
Honako beste hiru galdera hauek ere egin dituzte, jendearen iritzia jakiteko: Adinak muga izan beharko luke goi-mailako kirolak egiteko? 80 urteko pertsona batek arrisku handiko kirolak egiten ditu (4 aukera eman dituzte); eta, goi-mendiko eskaladak kalte egiten al die ekosistemei?
23 saritu
Solasaldiaren ostean banatu dituzte sariak, hamazazpigarrengoz. Guztira 23 sari banatu dituzte; 18 kirol elkarteek eurek banatuko dituzte eta beste bost sari Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak emandako sari bereziak izan dira. Une honetan 19 kirol talde daude Elgoibarren eta federatutako 1.497 lagun dabiltza horietan, edo beste era batera esanda, elgoibartarren %13a kirol federatuan ari da.
- Ikusi hemen 2024ko Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sarietako irabazleak, eta eginiko merituak -PDF-