Mendian ibiltzea gustuko zutelako eta emakumeek ere aisialdirako eta kirolerako eskubidea zutela aldarrikatzeko elkartu ziren duela 42 bat urte, kirola gizonen curriculumeko kontua baino ez zenean, eta mendiz mendi dabiltza geroztik munduan. Emakumeak dira taldekide guztiak eta 2016az geroztik, Txitxibilaldiak izenarekin dabiltza hara-hona, 2015eko martxoan betirako galdu zuten Lourdes Zubiaurre Pujana Txitxi lagunaren omenez. Makina bat gailur zapaldu dituzte urte guzti hauetan, baina ez dira ase, eta beste erronka bati heldu diote aurten, Izaskun Estibaritz taldekideak xaxatuta. Espainiar estatuko gailurrik garaienak begiz jo dituzte, probintziako bat (Ceuta, Melilla eta Chafariña uharteak aintzat hartu gabe). Ez dute epe mugarik zehaztu, pausoan-pausoan ibili zaleak direlako, baina urtean astebeteko bi irteera egitea adostu dute: udaberrian bat eta udazkenean bestea. Hala egin dute aurten. Ekainean hasi zuten proiektua, Errioxan. Hamabost lagun ziren taldean, 64 urtetik 83 urtera bitarteko hamabost emakume mendizale, eta Errioxako mendiririk garaiena, San Lorenzo mendia (2.271 metro), igotzeko asmoz abiatu ziren Elgoibartik, furgonetaz. Demanda mendilerroan dago San Lorenzo eta ekainaren 17an zapaldu zuten Txitxibilaldikoek.
Irteera hartan bertan, hala ere, beste gain batzuk ere lotu zituzten, tartean Soriako bigarren tontorrik handiena dena, Muela de Urbion (2.228 metro) eta Soria eta Zaragozako garaiena den Moncayo (2.314 metro). Burgosko San Millan (2.131 metro) igotzeko asmoa ere bazuten behin haraino gerturatuta, baina eguraldi txarragatik plana aldatu behar izan zuten, eta Castilla Viguera (1.051 metro) igo zuten Errioxan, Burgosera itzultzea hurrengo baterako lagata. Han hasi zuten bidea, baina ordurako lotuta zeukan bigarren plana urrirako Izaskun Estibaritz taldeko estrategak. "Berea izan zen ideia. Mendiko plan osoa berak diseinatzen du, logistika kontuetan denok jartzen dugun arren gure alea. Izaskunek baditu ezagunen batzuk erronka hau egiten ari direnak eta iruditu zitzaion egokia izan zitekeela guretzat, ez direlako zailtasun tekniko handiko mendiak", zehaztu du Rosa Matak.
Urrian osatu dute proiektuko bigarren etapa. Logistika handiagoa eskatu die honek, besteak beste hegazkinez egin dutelako Alacantera artekoa eta sei probintziatara mugitu direlako handik, lotara leku ezberdinetara erretiratuz egunero, ekaineko irteeran ez bezala: Alacant, Murtzia, Albacete, Granada, Jaen, Almeria eta Malaga. Hala ere, bost probintziatako mendi garaienak igo dituzte: Aitana (1.557 metro; Alacant), eta bide batez, Atalaya (2.083 m.; Las cabras mendigunea, Albacete); Obispo (2.014 m.; Revolcadores mendigunea, Murtzia); Magina (2.165 m.; Jaen) eta El Chullo (2.611 m.; Sierra Nievada, Almeria). "Uste baino logistika arazo gehiagorekin eta nahi baino hotz eta haize handiagoarekin zenbait puntutan, baina egin nahi genuen guztia eginda itzuli gara, pozik", esan du Marijo Estibaritzek. Hamabi lagun izan dira taldean bigarren honetan, tartean bi eibartar, aspaldiko lagunak biak, urte asko direlako Txitxibilaldiak taldera batu zirela: Eibarko Klub Deportibo mendizale taldeko Mertxe Agirre eta Marilui Zendoia. Mendeurrena ospatzen ari dira aurten Eibarko Klub Deportibokoak, eta haien banderatxoa ere zabaldu dute orain azkena egin dituzten tontorretan, Baietz 312! ekimenarekin bat eginez.
Bigarren espedizioa, gorabeheratsua
Hasiera gogorra izan zuten urriko irteera honetan, baina ez zuten atzera egin. "Alacanteko aireportura iritsi, autoak alokatu eta mendirako bidea hasterako 15:30ak jo zizkiguten, eta hori goizean bostetarako martxan geundela", zehaztu du Rosa Matak. Mendizaleak dira, eta ondo dakite jakin lar berandu dela hori Aitanaren garaierako mendi bat igotzen hasteko, are gehiago udazkenean, eguna mozten hasia denean, baina abiatu ziren, beti ere adostuta beranduenez 18:30ean jaisten hasiko zirela, tontorra eginda nahiz gabe. Egun argiz lortu zuten, baina, gaina egitea. Gau hartarako ostatua Cara Vaca de la Cruzen zuten hartuta (Murtzia), 200 bat kilometrora, eta ostatura iritsi zirenerako 22:30ak bazirela gogoratu du Estibaritzek. "Telefonoz enkargatu genuen afaria. Lehertuta geunden, 04:30ak aldera esnatuta geundelako egun hartan. Oheratzerako, dena den, goizaldeko ordubatak ere jo zizkiguten. Oso gogorra egin zitzaigun eguna eta horregatik erabaki dugu hurrengo egingo ditugun irteeretan lehenengo eguna behintzat lasaiago hartzea, aireportuetan-eta beti gertatzen direlako espero ez direnak".
Goiz jaiki ziren biharamunean ere, eta "ordu prudenteago batean" irten ziren Atalaya mendirantz, goizeko zazpiretarako, "txokolatea eta txurroak gosalduta". Mendilerro berean, Albaceteko eta Murtziako mendi-tontor garaienak igo zituzten bi egunetan, Atalaia eta Obispo, hurrenez hurren. Hiru ordu pasako mendi ibilaldiak izan ziren biak.
Urriaren 17rako Jaenera pasatuta zeuden, han zutelako hurrengo erronka: Magina tontorra egitea. 2.165 metroko mendia da Magina eta egun hortakoa izan zen mendi ibilaldi luzeena, zazpi ordu ingurukoa. "Laino itsua egin zigun egun hartan. Akordatzen naiz mendian gora gindoazela basozain batzuekin egin genuela topo. Jeepean zetozen haiek beherantz eta gure parera iritsita esan ziguten: 'Badaude egun gehiago mendirako!'. Eta erantzun genien beharbada ezetz, Euskal Herritik joanak ginelako mendia egitera, 1.000 kilometroko bidea eginda. Eta erantzun ziguten: 'Euskal Herritik? Orduan segi, eguraldi txarra zer den badakizue eta'", gogoratu du Maite Txurrukak. Badute eskarmentua mendian, eta bazuten eta badute konfiantza euren buruetan. "Zuhur jokatzen dugu beti. Helburu txikiak jarri genituen orduan ere.
'Iritsiko gara hango leporaino eta ikusiko dugu gero zer egin' adostu genuen. Taldean hitz eginda daukagu: arrisku txikiena dagoela ikusiz gero, beti elkarrekin, erritmo ezberdinetako jendea gauden arren taldean", gehitu du ondotik Estibaritzek. Kanpotik, baina, bestela ikusi izan dituzte sarri.
Gertatu zitzaien Alacanten ere, Aitana tontorerra bidean. "Berandu zen mendirako, bai, baina gogoan daukat nola begiratu ziguten tontorretik behera zetozen bi mutilek, Benidormetik zuzenean hara joandakoak bagina moduan. Ohartarazi gintuzten beherakoan zegoen katebideaz, Passet de la Rabosa izenekoaz, guretzatzailtxoa izango zela iradokiz moduan. Izaskunek isildu zituen, 'halakotxeak dira ba justu gehien gustatzen zaizkigun bideak!' esanda".
Eguraldia ez zuten aldeko izan Maginan, ezta Chullon ere, Almeriako mendirik garaienean (2.611) eta bigarren etapa honetako azken helburuan, eta pena hori badu Mari Tere Arakistainek, tontorreko ikusmiraz gozatu ezina eta bidean argazkirik egin ezina. Baina pozik itzuli dira, elkarrekin barre ugari eginda. Taldeko batek Chullora bidean, 2.500 bat metrora dagoen aterpetxean bizitakoak ekarri ditu akordura, eta lehertu dira mahai bueltako denak barrez. "Egoera surrealista asko izaten dira. Konplizitate handia daukagu gure artean, eta oso momentu onak pasatzen ditugu taldean", esan du Txurrukak. Are gehiago oraingo honetan moduan helburuakbeteta itzultzen direnean. Hala, Chullotik bueltan El Morron de las tres lindes gailurrean (2.287 m.) botatako irrintziaz gogoratu da Mata.
KONPLIZITATEAK
Zaildutakoak dira mendian, eta zortedunak ere bai, egin dituzten ibili guztietan ez duelako sekula inork min handirik hartu eta ez delako taldekideen artean haserrerik sortu. "Nekeagatiketa sortu izan dira tentsio uneak, baina gauza on bat du gure lagunarteak: oso ondo ezagutzen dugula elkar, errespetu handia diogula elkarri eta beti asmatzen dugula hitz eginda egoera zailak konpontzen. Hori altxor handi bat da", esan
du Matak. Eta baietz diote gainerako guztiek buruarekin. Mendizaletasunak batzen ditu, baina baita kulturarekiko interesak eta gauzen alde ona ikusteko jarrera positiboak ere. "Antzerkian, euskal dantzetan, gimnasioan... gabiltzanak gaude taldean, eta kulturarekiko interes hori denok dugu. Euskaltzaleak ere bagara, eta euskaltzaletasuna ere bada talde honen beste ezaugarri bat", gehitu du Arakistainek. Mendira hasi zirenean baino lasaiago ere bizi dira orain, lanetik erretiroa hartuta eta etxeko zaintza-ardurak arinduta. Eta jakina, denbora gehiago ere badute, garai bateko aldean. Horregatik erabaki dute aurrerantzean urtean bi irteera egitea, bakarra beharrean.
"Horregatik, eta adinean aurrera goazelako ere bai", aitortu du Estibaritzek, eta Kilimanjarora egindako espedizioaz oroitu da. "Lanean ari ginen, eta han joan ginen lana, senarrak, semealabak, gurasoak... lagata. Mendia gustatzen zitzaigulako eta behar den indar hori bagenuelako joan ginen".
Biak mantentzen dituzte: zaletasuna eta indarra. Ezina etorriko da, baina bien bitartean eutsi nahi diote horri, eta datorren urteko bi irteerak ere zehaztuta dituzte. Izaskunek eginda dauka aurrelana. Ekainean, Girona, Bartzelona, Cuenca, Teruel, Tarragona, Valentzia eta Castelloko tontor handienak igo nahi dituzte: Puig Pedros Gironan (2.914 m.), Costa Cabirolera Bartzelonan (2.605 m.), Mogorrita Cuencan (1.864 m.), Peñarroya Teruelen (2.028 m.), Monte Caro Tarragonan (1.440 m.), Alto de las Barracas Valentzian (1.837 m.), eta Peñagolosa Teruelen (1.815 m.), eta urrirako Galiziako lau gailur eta Palentziako bat dituzte begiz jota: Pilar Coruñan (803 m.), Mustallar Lugon (1.934 m.), Monte do Faro Pontevedran ( 1.181 m.) eta Peña Trevinca Ouresen (2.127 m.), eta Peña Prieta Palentzian (2.539 m.)
Euren ibileren berri izateko: txitxibilaldia.blogspot.com