Iazko uztailean hasi zituzten Olaizagako igeileku zaharren gaineko teilatua konpontzeko lanak, egoera txarrean zegoen jatorrizko metalezko estalkia ordezkatzeko. Hasiera batean lau hilabetean lanak bukatuta egotea aurreikusten bazuten ere, atzerapenak eduki dituzte lanok, ustekabeen eta material jakin batzuen horniduraren atzerapenaren ondorioz.
Udaletik jakinarazi dutenez, amaitu dituzte teilatua berritzeko lanak eta martxoaren 17tik aurrera erabiltzeko moduan izango dira kiroldegiko hiru igerilekuak. Igerileku txikian ematen dituzten ikastaroak apirilaren 1ean hasiko dituzte (informazio osoagoa beherago).
Maider Otal arkitekto elgoibartarrak diseinatutako obra gauzatzeko 400.000 euroko (BEZ gabe) inbertsioa egin du Udalak. Lan hori Olaizaga kiroldegia eraberritzeko eta kirol instalazioak hobetzeko prozesuko "pauso bat gehiago" dela zehaztu dute. "Teilatu zaharra egoera txarrean zegoen, eta ezinbestekoa zen berritzea. Hala, egindako lanari esker, instalazioak arinagoak eta argiagoak dira orain, eta horrek erabiltzaileen esperientzia hobetzen lagunduko du", adierazi dute. Ildo horretan, 2023-2025 aldirako Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planeko dirulaguntza eskatuta dagoela jakinarazi dute. Udalak egindako inbertsioaren erdia Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzea aurreikusten dute.
Igeriketa ikastaroak igerileku txikian
Haur txikientzako eta adin desberdinetako ikasleentzat hainbat ordutegi izango dira:
HAURTXOAK (4 - 12 hilabete):
- Astelehena - Asteazkena: 18:30 - 19:00
- Asteartea - Osteguna: 18:30 - 19:00
HAUR TXIKIAK (12 - 36 hilabete):
- Astelehena - Asteazkena: 18:00 - 18:30
SARDINA TXIKIAK (>3 urte):
- Astelehena - Asteazkena: 17:00 - 17:30 eta 17:30-18:00
- Asteartea - Osteguna: 17:00 - 17:30, 17:30-18:00 eta 18:00-18:30
- Ostirala: 17:00-17:30
AEROBIKA URETAN:
- Asteartea - Osteguna: 19:00etan