Olaizaga kiroldegiko igerileku zaharraren gaineko teilatua berritzeko lanak hasi ditu Udalak, eta guztira 471.000 euro bideratuko ditu (BEZ barne) obra hori egiteko. Lau hilabeteko iraupena izango du obrak eta epe horretan eraikin zaharreko bi igerilekuak itxita egongo dira. Hala ere, aldagela guztiak herritarrek erabiltzeko moduan egongo dira. Igeriketa ikastaroak igerileku berrira lekualdatuko dituzte, 0-5 urte bitartekoentzako ikastaroak izan ezik; horiek eten egingo dira aldi baterako.
Estalki berriarekin, ura sartzea saihesteaz gain, igerilekuaren handitze-bolumenarekin integrazio estetikoa lortu nahi dute, bai eta mantenurako erraztasun handiagoa ere.