Aldaketak iragarri dituzue Atxutxiamaikan.
Bai. Elgoibarren euskarazko aisialdian hutsunea zegoelako sortu zuen Elgoibarko Izarrak Atxutxiamaika duela 30 urte, baina gaur egun, zorionez, aisialdi dinamika bizi-bizi dago herrian eta horrek eraman gaitu hausnartzera. Gure aisialdi eskaintzaren balio erantsia zein izan zitekeen bilatu nahian ibili gara azken urteotan, eta konturatu gara aisialdia euskaraz eskaintzeak gaur egun ez daukala balio erantsirik. Guk azken urteotan Ludotekarekin elkarlanean antolatu ditugu udako, neguko eta udaberriko oporraldiko eskaintza, eta oso ondo moldatu gara, helburuetan bat egiten dugulako. Baina konturatu gara eskaintza adin tarte zabal bati egin arren, azken urteetan gero eta jende gutxiago etortzen dela guregana, herriko aisialdi eskaintza oso zabala delako gaur egun: kirola, artea, dantza... denetik dago eta ez dago guztietarako ume nahikorik. Gure eskaintza txikientzat erakargarria zela ikusten genuen, baina adinean aurrera joan ahala, beste zerbait bilatzen zuten umeek. Mugimendu gehiago edo bestelako dinamika bat behar dute. Hori dela eta, Haur Hezkuntzara mugatuko dugu gure aisialdi eskaintza, eta hortik aurrerakoekin beste lanketa batzuk egingo ditugu, umeak, nerabeak eta gazteak aktibatzeko.
Zein izango da orduan aurrerantzean Atxutxiamaikaren egitekoa?
Euskara elkarte baten barruan gaude, eta gure kezka nagusia euskara da. Euskarazko aisialdi oparoa dagoen arren Elgoibarren, euskararen erabilera datuak ez dira onak, eta azken urteetan behera egin du euskararen erabilerak. Horregatik, eragiteko beste modu batzuk aztertu behar ditugu. 30 urteren ondoren, etapa berri bati ekiteko unea dela uste dugu. Euskararen erabilera jaisten ari den honetan, euskalduntasuna lantzeko proiektuak jarriko ditugu martxan, gutxiago egin eta gehiago eragiteko. Hau da, ekintzari baino gehiago prozesuari eman nahi diogu garrantzia. Umeekin, nerabeekin eta gazteekin lanean jarraituko dugu, baina beste modu baten. Egitetik eragitera pasatuko gara, ume, nerabe eta gazteak euskararen eragile izan daitezen.
Zeintzuk izango dira zuen lan ildoak?
Gure lan ildoak honako hauek izango dira: familien arteko sozializazioa euskaraz, euskalgintza, kulturartekotasuna, kulturgintza eta aisia. Gazteentzako, adibidez, ZZ Nagiak Kentzen programa daukagu martxan, eta euskalduntasuna lantzen dugu haiekin, zuzenean. Orain arte, euskaraz ondo pasatzea izan da gure helburua, euskararekin bizipen positiboak izan ditzaten lortzea, eta orain ere euskaraz gozatzea izango da gure asmoa, baina beste ikuspegi batetik. Atxutxiamaikan lehenengo aldiz ari gara 16 eta 30 urte arteko gazteekin euskalduntasuna lantzen, eta oso lorpen handia da hori niretzat.
Familiekin ere egingo dugu lanketa, konturatu garelako euskararen transmisioan bagadoela eten moduko bat. Familietan, euskaldunak edo mistoak izan, etena egoten da eta proiektua berrantolatu dugu, eraginkorragoa izan dadin. 30 urte hauetan asko aldatu da Elgoibar, eta gure lan egiteko modua aldatzea tokatzen da orain. Atxutxiamaikatik jolasa aterako dugu kalera, eta familiei baliabideak emango dizkiegu kalean beste batzuekin harremanetan jartzeko. Familiak ahalduntzeko bidea egingo dugu, umeak hazten laguntzeko. Haur Hezkuntzako umeen familientzako izango da bereziki. Euskararen erabilera sustatzeko baliabideak ere emango dizkiegu, euren arteko elkarrizketarako foro bat sortuz, esaterako. Tailerrak ere emango dizkiegu, helduek eta umeek espazioak parteka ditzaten, modu horretan belaunaldi ezberdinetakoen arteko harremanak susta daitezen. Nagusiagoentzat Gure Natura Ezagutuz egitasmoa daukagu martxan Baso Biziak eta Morkaikorekin elkarlanean eta Udalarekin lankidetzan. Nerabeekin ere hasita gaude lanean. Ikastetxeetan euskara batzordeak sortu ditugu ikastetxeekin elkarlanean, eta bi astetik behin joaten gara Institutura eta Ikastolara. Euskararen bueltan ia 100 nerabe aktibatu dira eta gauza pila bat ari gara egiten. Barrutik eragiten ari gara, gero haiek aktiba dezaten haien ingurua. Guk gure alea jarriko dugu, gero haiek izan daitezen euskararen eragile.
Familia askorentzat kontziliaziorako arnasgune izaten da Atxutxiamaika oporraldian, eta aldaketa honek kezka eragin dezake.
Bai, gurasoek ikusiko duten aldaketa handiena seguru izango dela LHko umeentzat ez dugula eskainiko oporraldirik, baina Elgoibarko eragileen eskaintzarekin udan ondo pasatzeko aukerarik ez da faltako herrian, eta kontziliaziorako aukerak egongo dira. Guk aisia eskaintzen jarraituko dugu, baina oporraldietan HHkoentzat bakarrik. Hala ere, Ludotekarekin elkarlanean jarraituko dugu, helburu bera daukagulako. Gure nahia da aisia eskaintza integrala prestatzea Elgoibarrerako, nahiz eta bakoitzak berea antolatu. Ez dugu arduragabekeriaz jokatuko, eta saiatuko gara ordutegiak uztartzen, familiei ahalik eta zerbitzurik onena emateko denon artean.
Udalaren lankidetza oso garrantzitsua izan da 30 urte hauetan, eta aurrerantzean ere hala izan dadin nahi dugu.