Donostiako Parke Teknologikoan egin zuten Aspegi sarien 10. edizioko sari banaketa ekitaldia, otsailaren 20an. Bi sari banatu zituzten, eta Sandra Montes Perez elgoibartarra izan zen sarituetako bat. Montesek Enpresaburu kategoriako saria jaso zuen, "birziklapen sektorean berrikuntzan eta ekonomia zirkularrean duen lidergoagatik", epaimahaiaren arabera. ScrapAd enpresako sortzailekidea eta eragiketa-zuzendaria da Montes, Samuel Ruiz de Lorenzorekin batera. Birziklagarriak diren materialak salerosteko plataforma teknologiko bat da ScrapAd, hondakinen salerosketa sustatzen duena, eta era honetako aurrenekoetarikoa da Europan. Hainbat nazionalitatetako 30 behargin ditu enpresak, eta 125 herrialdeetako 3.000 erabiltzaile inguruk osatzen dute enpresaren sarea.
Bigarren sarituak, Mari Jose Aranguren Querejetak (Urrestilla, 1969), Zuzendari/Profesionala kategoriako saria jaso zuen. Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendaria da azpeitiarra eta lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa sustatzen dituen ikerketa estrategikoan egindako "ekarpen bikainagatik" saritu dute.
Aspegitik azpimarratu dutenez, bi sarituak dira talentuaren, ahaleginaren eta eragin sozial positiboaren eredu. "Harro gaude beraien lana eta konpromisoa aitortzeko aukera izateagatik, eta poz handia da guretzat enpresa munduan lortu duten arrakasta eurekin eta guztiokin batera ospatzea", adierazi dute.