Aspegiren arabera, sarien helburua da Gipuzkoako emakumeen talentua eta lidergoa ikusaraztea, eta aurten, hamargarren urtez banatuko ditu elkarteak sariak. Hain zuzen, otsailaren 20an egingo dute sari banaketa ekitaldia Donostiako Parke Teknologikoan, eta Montesek ez ezik, Orkestra - Lehiakortasunerako Euskal Institutuko - zuzendaria den Mari Jose Aranguren Querejetak (Urrestilla, 1969) ere jasoko du saria, Urteko Zuzendari Onenaren Saria, hain zuzen ere. Aspegik bi kategoria horietako sariak banatzen ditu urtero.
Sandra Montes Elgoibarko Cometel enpresako zuzendaria izateaz gainera, ScrapAd enpresako sortzaileetariko bat ere bada, eta azken hori sortzeko eginiko ahaleginagatik eman diote Enpresaburu kategoriari dagokion saria.
Montes Industria Ingeniaritzan eta Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Madrilgo Europar Unibertsitatean, eta gainera, ohorezko matrikula jaso zuen Repsolen 'CO2ren harrapaketa kriogenikoari' buruzko karrera amaierako proiektuagatik.
2020an sortu zuen ScrapAd start-up-a Samuel Ruiz de Lorenzorekin batera. Birziklagarriak diren materialak salerosteko plataforma teknologiko bat da ScrapAd, hondakinen salerosketa sustatzen duena, eta era honetako aurrenekoetarikoa da Europan. Hainbat nazionalitatetako 30 behargin ditu enpresak, eta 125 herrialdeetako 3.000 erabiltzaile inguruk osatzen dute enpresaren sarea.