Santa eskea

36 baserri-etxe koplatu ditu Elgoibarko Izarrako santa eskeko taldeak

Barren 2025ko ots. 5a, 13:31

Baserriz baserri ibiltzeko eguraldi aparta eduki dute aurtengoan Elgoibarko Izarrako santa eskeko taldeek. Bai domekan irten zirenek eta baita atzo, Santa Ageda Bezpera egunean, irten zirenek ere.

Elgoibarko Izarrak 1994an berreskuratu zuen Santa Ageda Bezpera egunean baserriz baserri kantuan ibiltzeko ohitura, eta 31. urtea izan dute aurtengoa. 22 lagun elkartu ziren Kalegoen plazan, eta 14:30ean abiatu ziren plazatik baserri auzoetara, bi taldetan banatuta. Sallobente, Urruzuno eta Aiastia baserri auzoetan barrena aritu ziren eskean eta kantuan, 21:30ak aldera arte. Guztira 36 baserri-etxe koplatu zituzten, iazko santa eskean baino gehiago. Millan Telleria, Juan Jose Loidisaletxe, Bixente Gorostidi eta German Meabebasterretxea izan ziren koplariak eta Oier Baltzola, Aitziber Larrañaga, Ekaitz Baskaran eta Arantxa Beristain trikitilariak.
Izarpen eta Aldazelai etxeetan emandako afariekin eman zioten amaiera aurtengo saioari. Aurten baserriz baserri mugitzeko "aparteko" eguraldia izan dutela azpimarratu dute, oskarbi, haizerik gabe eta jasateko moduko hotza. Bi taldeetan giro "oso-oso onean" aritu zirela ere nabarmendu dute.