Kalegoen plazan elkartu ziren 9:00etan, eta bi taldetan banatuta Aiastia, Sallobente eta Urruzuno auzoak koplatu zituzten, hamabost baserritara iritsi ziren talde batekoak eta 17 baserritara beste taldekoak. German Meabebasterretxea, Juan Mari Areitio, Millan Telleria eta Joan Jose Eizmendi 'Loidisaletxe' izan ziren koplariak eta Ander eta Aintzane Agirrebeña neba-arrebak eta Oier Baltzola eta Aitziber Larrañaga izan zituzten lagun soinu eta panderoarekin.
Hirugarren talde bat ere osatu zuen Elgoibarko Izarrak, Atxutxiamaikarena. Horiek Azkue baserri-auzoan aritu ziren kantuan eta eskean, Uxue Alberdi eta Eneko Beretxinaga bertsolariekin.
Hiru taldeetako kideak 15:30ak aldera elkartu ziren, Sigma jatetxean egin zuten bazkarirako. Eta, bazkalostean ere ez zen bertsorik falta izan.
*Argazkiak: Larraitz Zialtzeta.