Iñigo Loiola Lurralde Batzordeko arduradun eta Debemen Landa Garapen Elkarteko ordezkaritza karguetatik kentzea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, baina ez zuten onartu (ikus EH Bilduk eskatzen zuena). Aldiz, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako kontramozioa onartu zuen udalbatzarrak. Mozio horretan "babes osoa" adierazi diote zinegotziari, bere lanean jarrai dezala, eta Legealdi planean jasotako ekimenak gauzatzen jarraituko dutela (ikus Udal Gobernuaren mozioan jasotakoa).
Elgoibarko Udal Gobernuak udalbatzarraren ostean jakitera eman duenez, aintzat hartuko dituzte EH Bilduren "kritikak", baina udal tramiteen eta proiektuen gardentasuna eta legezkotasuna defendatu dute, eta berretsi dute udal izapide eta proiektuek herritar guztiei mesede egiten dietela bermatzen jarraituko dutela.
EH Bilduk atzoko plenoaz egiten duten balorazioaren berri eman du, prentsa ohar bidez. Salatu dute “arazoaren muina” zein zen azaldu ordez udal-politikan lehen sektoreak duen garrantzia azpimarratzera mugatu zela Maialen Gurrutxaga alkatea atzoko osoko bilkuran eta ez zuela bide horiek publiko edo pribatu diren argitzeko bezperan udal gobernuak berak zabaldu zuen dokumentua erabili beren defentsan. EHBilduren ustez, dokumentu horrek indartu egiten du bide horiek bide publiko gisa jasota ez dauden tesia, oposizioak darabilen tesia alegia.
Prozeduraren gainetik udal gobernuak ekintza lehenesten duen aipamenari erantzunez, bestalde, EHBildutik azpimarratu dute burokrazia dela arduradun instituzionalen erabakiak zuzen hartzen direla ziurtatzeko eta herritarrei berme emateko bidea, eta ondorioz, gastu publikoa egin aurretik bete behar dela, eta ez alderantziz. “Kudeaketaren eraginkortasunaren bilaketan oinarritutako baieztapen engainagarri horrek arbitrariotasunean eta kontrolik ezean oinarritutako kudeaketa defendatzen du, amigismoan oinarritutako kudeaketa”, gehitu dute.