Iñigo Loiola EAJko zinegotziaren dimisioa eskatu du EH Bilduk

Barren 2025ko urt. 27a, 16:20

Iñigo Loiola, ezkerretik hirugarrena, EAJko gainerako zinegotziekin, Elgoibarka Udalbatza osatzeko bilkuran.

Elgoibarko EH Bilduk eskatu du Iñigo Loiola Garate Udaleko Lurralde Batzordeko arduradun eta Debemen Landa Garapen Elkarteko ordezkaritza karguetatik kentzeko.

EH Bilduk jakinarazi duenez, dimisioa eskatzeko arrazoia ondorengoa da: zortzi landa-bide asfaltatzeko eginiko lanetatik bi, titulartasun pribatuko bideetan egin izana. Koaliziotik jakinarazi dutenez, Udalak zortzi landa-bidetan asfaltatze lanak kontratatzeko espedientea onartu zuen, Alkatetzaren dekretu bidez, 2024ko uztailaren 4an. Lanok Excavaciones y Transportes Orsa S.L. enpresari esleitu zizkioten. 
Esleipen horri zegokion memoria teknikoa Elgoibarko landa-bide publikoen mapan kontrastatu eta alderatu zutela dio Bilduk, eta diru publikoz egindako zortzi esku-hartzeetatik bi, titulartasun pribatuko bideak zirela "egiaztatu" zutela diote. "Auzia argitzeko asmoz, iazko abenduaren 3an jarduera hori justifika zezakeen informazio eskaera bat erregistratu genuen. Legeak erantzuteko ezartzen duen hilabeteko epea gaindituta egon arren, ez dugu inolako erantzunik jaso", adierazi dute. Bilduko zinegotzietako batek azalpenak ahoz ere eskatu zituela gaineratu dute, urtarrilaren 21ean egin zuten Lurralde Batzordeko bileran, zehaztu dutenez, baina hor ere ez zutela erantzunik jaso. 

Diru publikoaren kudeaketa "garbia eta gardena" egitea Udaleko arduradun politikoen erantzukizuna dela dio koalizioak. "Bi landa-bide pribatutan diru publikoz ordaindutako asfaltatze lanak inolako justifikaziorik eman gabe egiteak agerian uzten du erantzukizun politikoak eskatu behar direla diruaren balizko bidegabeko erabilerarengatik. Erabilera okerra larriagotu egiten da orain arte dugun informazioaren arabera, bi mendi-bide pribatu horietako bat aurretik asfaltatu gabea zelako eta oraingo esku-hartzea bidearen titular pribatuak obra lizentziarik eskatu eta jaso gabe egin delako", salatu dute.

Aipatu arrazoi horietan oinarrituta eskatuko dute Iñigo Loiolaren dimisioa Lurralde Batzordeko arduradun eta Debemen Landa Garapen Elkarteko ordezkaritza karguetatik, martitzen honetan (urtarrilak 28) ospatuko den Udalbatzarraren osoko bilkuran aurkeztu duten mozioaren bidez.

Hona 18:30etik aurtera egingo duten udalbatzarreko gai-ordena:

  1.  2024ko abenduaren 17an egindako bilkuraren akta onartzea.
  2.  Eranskina onartzea, etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Adundiaren eta Elgoibarko Udalaren arteko hitzarmenaren ondorio ekonomikoak zabaltzekoa eta hasierako
    indarraldiari amaiera ematekoa.
  3. Elgoibarko bide publiko jakinetan ibilgailuen aparkamendu mugatua arautzeko ordenantza behin betiko onartzea.
  4. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elgoibarko Udalak 2022ko maiatzaren 20an sinatutako lankidetza hitzarmenaren, hau da, 6E El Pilar eremuan adinekoentzako gizarte zerbitzuen hornikuntza eta
    aparkaleku bat eraikitzeko hitzarmenaren Eranskina onartzea.
  5. EH Bilduk aurkeztutako idatzia, Iñigo Loyola Garate Hirigintza Batzordeburu gisa eta Debemeneko (Debabarreneko Landa Garapeneko Elkartea) ordezkari gisa dimisioa eskatzeko.