Iñigo Loiola zinegotziari babes osoa agertu dio Udal Gobernuak

Barren 2025ko urt. 28a, 10:02

EHBilduk Iñigo Loiola EAJko zinegotzia kargugabetzeko egindako eskaerari "gehiegizkoa" iritzi dio Elgoibarko Udal Gobernuak eta babes osoa agertu dio Loiolari, "lehen sektorearen eta baserri auzoen bizi-kalitatea hobetzeko" egindako lanagatik. 

EHBilduk salatutako prozesuan "berme legal guztiak" betetzen direla adierazi du Udal Gobernuak, Iñigo Loiolarentzako dimisio eskaerari erantzunez publiko egin duen prentsa oharrean. Era berean esan du EHBildu taldeak egindako eskaera guztiei erantzun eta bide eman dietela. "Erantzukizun politikoa erabatekoa dela adierazi nahi dugu, arestian esan den bezala prozesua berme guztiekin aurrera eraman delako", diote oharrean. Oposizioari esan diote bide pribatuez hitz egitea "tokiz kanpo" dagoela,  inbentarioan egon ez arren, Gipuzkoako Errepide eta Bideei buruzko Foru Arauak 3.3 artikuluan jaso dagoela arrazoituta. Artikulua ekarri dute oharrera: "Erabilera publikora irekitako lurreko bide eta komunikazio bide guztiak titulartasun publikotzat jotzen dira, eta titulartasuna Foru Aldundiarena ez baldin bada, Udalarena dela ulertuko da".

Horren harira nabarmendu dute Elgoibarko Udalaren helburua beti izan dela landa auzoetakoen bizi-kalitatea hobetzea eta lehen sektorea indartzea, eta eskertu dute Iñigo Loiolak norabide horretan egindako lana. "Prozesu tekniko bat kolokan jartzeko", pertsona bat modu honetan "seinalatzea" larritzat jo dute: "Lekuz kanpo dago puntu horretara iristea, aurretik badaude modu asko guzti hau argitu eta, konpontzekoak baldin baleude, egiteko, baina landa auzoetan bizi diren pertsona eta ustiapenei laguntzeagatik dimisioa eskatzea gehiegizkoa dela uste dugu".

Udal gobernutik esan dute lehen sektorea eta landa auzoen aldeko "konpromiso sendoa" duela Udalak eta legealdi hasieratik argi izan dutela "leialak" izan behar zaizkiola horri. Plan estrategikoan jasotako hiru helburuak aipatu dituzte prentsa oharrean: Landa-bideak hobetzea. Horretarako, batetik, landa-bideak egokitzeko eta hobetzeko plana aktibatuta, eta, bestetik, oinezkoentzako pasealeku eta ibilbide berriak sortuta eta daudenak egokituta, auzo guztietarako irisgarritasuna hobetzeko;  landa eremuetako bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak sustatzea. Eta azken horren barruan aipatu dute landa eremuetako ur hornidura sareak handitzeko proiektua; eta Elgoibar O-Km sustatzea. 

Guzti horren harira zehaztu dute landa -bideak hobetuta nekazaritza ustiategiei egin nahi dietela mesede, "enplegua, tokiko produktuak eta herri osoarentzako aberastasuna sortzen dutelako". Baina horretaz gain azpimarratu dute badaudela beste bide batzuk etxebizitzetara doazenak eta inbentariatuak daudenak. 

JARDUTEKO MODUA

Eta landa-bideak hobetzeko jarduteko modua ere azaldu dute. Azaldu dutenez, Udalak bideen egoera aztertu eta lehentasunak markatzen ditu lehenengo. Lehen sektoreko jarduerak dituztenei ematen diete lehentasuna halakoetan eta bideetan aditua den enpresa batekin aztertzen dute gero egokitasuna. Ondoren, justifikazio txostena egiten dute teknikariek eta lizitazio prozesua hasten dute jarraian. Puntuz puntu eman dute prozesuaren berri.

MARKETINEAN ARITZEA LEPORATU DIO EAJk EH BILDURI

"EHBildu dakiena egiten dabil: edozein aitzakia erabiltzen herri giroa okertzeko eta jendearen izena zikintzeko", zabaldu  du Elgoibarko EAJk atzo Iñigo Loiola zinegotzia kargugabetzeko EHBilduk egindako eskaerari erantzunez. Gezurretan aritzea egotzi diote EHBilduri, eta nabarmendu dute baserri bideak publikoak direla eta egin diren lanak "zuzen eta egoki" egin direla: "Teknikoki gauzak behar bezala egin dira eta batzordean eman beharreko azalpenak eman dira, baina Bilduk nahiago izan du gezurra egia baino. Bi alderdien arteko ezberdintasuna agerikoa da. Guk lanean jarraituko dugu, Elgoibar hobetzen eta elgoibartarron bizi-kalitatea hobetzearen aldeko pausoak ematen". Udal Gobernuaren baitan egin bezala, EAJk babesa agertu dio Iñigo Loiola zinegotziari, aparteko prentsa ohar batean.