Erreleboa gauzatu dute Mugertza krosaren antolakuntza taldean

Barren 2025ko urt. 2a, 20:29

Berritu eta gaztetu egin dute 2002tik Mugertza krosa antolatzeaz arduratu den lantaldea.

Egotoki elkarteak antolatu zituen Juan Muguerza Nazioarteko Krosaren lehen 58 edizioak, eta hortik aurrerakoak, azken 22 ekitaldiak, Mintxeta Atletismo Taldeak antolatu ditu. 81. edizioa izango da domekakoa, urtarrilaren 5ean jokatuko dutena. Mintxeta taldean antolakuntza zereginetan aritu diren lantaldeko zenbait kide errelebo eskean aritu dira azken urteetan, eta iritsi zaizkie behar eta eskatzen zituzten kimu berriak taldera. Belaunaldi-errelebo modukoa egin dute; beteranoenek laga baitute taldea eta kide gazteak batu zaizkie.

Gaur egin duten krosaren aurkezpen-ekitaldia probestu dute erreleboaren berri emateko eta lagatzen dutenei publikoki eskerrak emateko. Jose Luis Diez, Gerardo De Pedro, Jose Mari Salaberria, Cirilo Sanchez eta Antton Azpiazuri, hain justu ere. Guztiei eskerrak eman dizkie Mintxeta taldeko presidente eta kroseko zuzendari Zigor Diezek. "2002an lanean hasi ginen lantaldeko batzuek pauso bat albo batera egitea erabaki dute, beste batzuk jarraitu egingo dugu eta lagun berrien laguntza izango dugu aurrerantzean. Mila esker guztioi. Izugarria izan da elkarrekin egin dugun bidea, asko ikasi dut zuengandik", esan die. Pisu handiko ondarea laga duten arren, ahal duten bitartean jasotakoari segida ematen ahaleginduko direla ere agindu die. Etorri berriei ongi-etorria egin die, eta eskerrak eman erakutsi duten konpromisoagatik. Honakoek osatuko dute lantalde berria: Zigor Diez, Anton Arrillaga, Iñaki Gil; Maria Hernandez, Jon Basurto, Jon Angulo, Jesus Viña, Nerea Solozabal, Leire Astigarraga, Antton Arizmendi eta Lander Azpiazu.

Gero eta kros gutxiago

Orain arte aritu direnek moduan, lanean tinko jarraitu beharko dute antolatzaile taldera batutako azkenek. Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol Arduradun Jesus Gutierrezek aipatu du Aldundian oso kezkatuta daudela kros lasterketen osasunarekin edo egungo egoerarekin. Izan ere, Lurraldean Elgoibarko eta Donostiko nazioarteko krosez aparte, bi kros bakarrik mantentzen dira federazioaren egutegian; Eibarkoa eta Ordiziakoa. "Gezurra dirudi, baina bizi dugun garaiko errealitatea horixe da. Eskaintza zabala da eta asko ugaritu dira errepideko lasterketak zein mendi lasterketak. Horrexegatik, are gehiago azpimarratu behar da Elgoibarren daukazuen proba berezi hau. 81 urteko ibilbide luze honetan, proba honek beti eutsi dio Elgoibarko nortasun marka bati, askoren artean ondutako proba bat denaren marka horri, eta hori da Elgoibarko ikur bereizgarrietako bat. Sustrai hori mantendu egin behar da eta onena opa diet antolatzaile taldera batu diren lagun berriei", adierazi du Gutierrezek. Alebin mailan zegoenean Mugertza krosean partu hartutakoa dela gogora ekarri du aurten erretiroa hartzear den Gutierrezek.

Hiru omenaldi 

Aurten hiru omenaldi egiteko asmoa dutela aurreratu dute krosa aurkezteko ekitaldian. Aurrenekoa zapatuan egingo dute, atletei harrera ofiziala egiteko ekitaldiaren barruan. Kalegoen plazan izango da 19:30ean. 2011tik junior kategorian parte hartzen ari den belgiar ordezkaritzari aitortza egingo diete, hainbat urtean erakutsu duten fideltasunagatik.

Beste bi omenaldiak krosaren egunean egingo dituzte. Hasteko, junior mutilen lasterketa jokoan den bitartean, antolakuntzan buru belarri lanean aritu diren elkarteko beteranoak omenduko dituzte. Azkenik, kategoria absolutuko lasterketak hasi aurretik, joan zen urtean hil ziren bi atleta handi gogoratuko dituzte: Carmen Valero eta Mariano Haro. Valerok 1978ko Mugertza krosa irabazi zuen eta Harok bost alditan irabazi zuen Elgoibarko Krosa. Krosa iragarzteko kartela ere bi atleta horien irudiekin osatu dute aurten.