Carme Valerori eta Mariano Harori aitortza egin diete krosa iragartzeko kartelean

Barren 2024ko abe. 3a, 16:14

Aurten zendu diren bi atleta handiren irudiekin osatu dute 81. Mugertza krosa iragartzeko kartela. 

"Edizio honetan, bi pertsona eta atleta handi hauei eskaini diegu kartela, Carme Valerori eta Mariano Harori, guregan arrasto sakona utzi dutelako", azaldu dute Mintxeta Atletismo Taldetik. Urtarrilaren 5ean jokatuko duten krosean ere gogoan edukiko dituztela aurreratu dute.

Carme Valero 2024ko urtarrilaren 2an hil zen, Nazioarteko Juan Muguerza Krosaren 80. edizioaren bezperetan. "Bat-batean joan zitzaigun Elgoibarko krosa 1978an irabazi zuen atleta. Kirolaren mundua hunkitu zuen albistea izan zen. Aitzindaria izan zen emakumezkoen kirolean eta nekez bete ahal izango dugun hutsunea laga digu 1978an eta 1979an Munduko Kros txapelduna izan zen atleta handiak. Gure krosa maite zuen, esker onekoa zen beti, eta hunkituta sumatzen genuen gu bisitatzera zetorren bakoitzean. Haren oroimenak bizirik iraungo du krosaren eta, oro har, atletismoa zaleen artean", azaldu dute kroseko antolatzaileek.

Karteleko bigarren protagonista, Mariano Haro, uda honetan zendu zen, uztailaren 27an, hain justu ere. "Gaixotasun luze baten ostean hil zen kroseko mitoa, “El León de Becerril” moduan ezaguna zen atleta". Bost alditan irabazi zuen Mugertza krosa: 1971, 1973, 1976, 1977 eta 1978. urteetan. "Sakona da Elgoibarren laga duen arrastoa eta oso zaila edo ia ezinezkoa da berak lortu zuen garaipen kopuruaren marka gainditzea". Haro hirutan izan zen txapeldunorde Munduko Kros Txapelketan, eta 1972ko Municheko Olinpiar Jokoetan lortu zuen bere lorpenik handiena, 10.000 metroko lasterketako finalean eskuratu zuen laugarren postuarekin. "Bertan, 'Municheko bost elgoibartarrek' zuzenean gozatu ahal izan zuten Marianok estadioan egin zuen balentria handiarekin", gogora ekarri dute.