Azken eguzki izpiak Moru atzean ezkutatzen ari zirenean hasi dute Elgoibarko San Silbestre lasterketa, Kalegoen Plazatik, 17:00etan. Tenperatura hotza baina antxitxika ibiltzeko egokia eduki dute lasterkariek, eta beharbada azken egunetako eguraldi eguzkitsuek animatuta partaidetza handia eduki du probak. CATT Morkaiko taldeak antolatzen duen bigarrena izan da aurtengoa eta iazko estreinaldiko partaidetza mugak gainditu dituzte aurten. 200 lagunetan jarria zuten muga eta hortik aurrerakoek dortsalik gabe egin behar izan dute korrika, eta hortaz, zozkatu dituzten opariak eskuatzeko aukerarik gabe.
Errosario eta San Bartolome kaleetan barrena egin duten itzuli neutralizatuarekin hasi da proba eta Nuala elkarteko kideek gidatu dute lasterkarien tropela, lehen itzuli txiki horretan. Plazatik berriro igaro direnean, baina, erritmoa bizitu dute lehiakorrenek eta beste hainbat eta hainbat lagun taldeetan eta euren erritmora joan dira. Lasterketa honetan ohikoa den moduan, kirola eta umorea eskutik joan dira eta eguberri kutsuko apaingarriak eraman dituzte askok soinean: txapelak, betaurrekoak, Gabonetako argiak, e.a. Herri barruko ibilbideari hiru itzuli emanda 5 kilometroko ibilbidea osatu dute.
Denborarik hartu ez duten arren, lehen hiru emakumezkoak zein gizonezkoak saritu dituzte. Mikel Agirrebeña elgoibartarra eta Patri Amondarain zumairra izan dira azkarrenak. Hona bi podiumak osatu dituzten lasterkariak:
Gizonezkoak:
- Mikel Agirrebeña
- Lander Azpiazu
- Jon Dominguez
Emakumezkoak:
- Patri Amondarain
- Oihane Agirrebeña
- Agurtzane Arriola
Zozketetako irabazleak honakoak izan dira: Eider Caro, Nerea Sasiain, Endika Goenaga, Ion Perez Cortes
eta Arantxa Ferreiro.
Txankakuaren eta herriko ostalarien laguntzari esker honako sariak banatu dituzte:
- Txankakua: 50 euroko bi erosketa-bonoa
- Txarriduna: Bi pertsonentzako afaria.
- Mintxeta taberna: Bi pertsonentzako afaria.
- Astigarraga: 50 euroko erosketa-bonoa.
- Lizagasar: Euren produktuen saskia.
- CATT Morkaiko: Taldeko kamiseta eta galtzerdiak.
- Idal Kirol Patronatua: Urteko abonua kiroldegirako.
San Silbestrea, argazkietan (*Argazkiak BARREN eta Manu Sanchez)