Gaur saltakariz bete dira atzo Gabon Zahar Feria eguneko postuak eta abereak egon ziren Elgoibarko kaleak. Hainbati ajea kentzeko ere ondo etorri zaie biharamuneko korrika saioa.
Mintxeta Atletismo Taldeak zortzi alditan antolatu zuen San Silbestre lasterketa, 2007. eta 2017. urteen artean. Bazuen berezitasun bat, Europako lehen San Silbestreko lasterketa izatearena, abenduaren 31n, 00:01ean hasten baitzen. CATT Morkaiko taldearen eskutik itzuli da San Silbestre lasterketa Elgoibarko kaleetara eta bistan da herriko kirolzaleak San Silbestrean parte hartzeko irrikaz zeudela, 197 lagunek eman baitute izena bost kilometroko ibilbidea osatzeko. Lasterketa honetan ohikoa den moduan, ez da umorerik falta izan eta mozorrotuta eta jai giroan osatu dute proba hainbat lagunek, eta baita taldeak osatuz ere kirol taldeetako kideek bereziki. Lehiakorrenek, berriz, ahal den azkarren bukatzen saiatu dira. Kalegoen plazatik abiatu da proba 17:00etan, eta neutralizatutako itzuli txiki bat eman ostean, hiru itzuli handi osatu behar zituzten. Mikel Agirrebeña izan da azkarrena 15 minutu eta 33 segundoko denborarekin. Helmugara ailegatu denean, baina, ez dio saltaka egiteari utzi eta beste itzuli bat osatu du, azken itzulia egitea falta zuela uste baitzuen. Nahasmen txiki hori gorabehera, berriro helmugara heldu denean ospatu du garaipena. Amwar Ehassoumi sailkatu da bigarren postuan (16'12'') eta Igor Torresek osatu du gizonezkoen podiuma, 16:39ko denborarekin. Emakumezkoetan Nerea Lendinez izan da azkarrena, 23 minutu eta 48 segundoko denbora eginda. Agurtzane eta Pilar Arriola ahizpek osatu dute podiuma, helmuga marra elkarri eskua emanda gurutzatu eta gero. 24 minutuan egin dute proba. Azken sailkatuak 17:34an ailegatu dira helmugara lasterketa ixteko erratza zeramaten antolakuntzako kideekin batera.
- ARGAZKI-BILDUMA: San Silbestre lasterketa herrikoia Elgoibarren
- BIDEOA
Mendaron ere egin dute San Silbestre lasterketa, Elgoibarkoaren ordu berdinean. Hona hemen Mendaroko argazkiak eta kronika.