Herriko Antzokian banatuko dituzte Kirol Federatuaren Urteko Sariak

Barren 2024ko abe. 12a, 09:41

Carlos Soriak hitzaldia emango du sari banaketa ekitaldiaren aurretik Elgoibarko Herriko Antzokian.

Musika Eskolan beharrean Herriko Antzokian egingo dute aurten Elgoibarko Kirol Federatuaren Urteko Sariak banatzeko ekitaldia, Carlos Soria alpinista ezagunak hitzaldia emango baitu.

Datorren asteko eguaztenean, abenduaren 18an, izango da, 19:30ean. Sariok banatzen dituzten hamazazpigarren aldia izango da aurtengoa eta 23 sari banatuko dituzte; 18 kirol elkarteek banatuko dituzte eta beste bost sari Udal Kirol Patronatuak. Une honetan 19 kirol talde daude Elgoibarren eta federatutako 1.497 lagun dabiltza horietan, edo beste era batera esanda, elgoibartarren %13a kirol federatuan ari da. 

2023ko sari banaketa ekitaldiko irudia. BARREN

Carlos Soriaren hitzaldia

Ohitura duten moduan, kirolaren inguruko solasaldi batekin jantziko dute Udal Kirol Patronatuak antolatzen duen sari banaketa ekitaldia, eta Carlos Soria (Avila, Espainia, 1939) alpinista ezaguna izango da aurtengo gonbidatua. 85 urte eduki arren, Himalaiako menditzar handiekin amesten segitzen du, eta hamalau zortzimilakoak osatzeko falta zaizkion bi mendiak igotzeko ahaleginean dihardu. Dhaulagiri eta Shisha Pangma dira zortzimilakoen zerrendan zapaltzeke dituen tontorrak. Soriak bere bizipenen eta egin asmo dituen erronken berri emango du Elgoibarren, besteak beste, otsailean Manaslu mendira igotzeko egingo duen saiakeraz.

Sarrera libreko ekitaldia izango da eta parte hartzera animatu dituzte herritarrak.

Carlos Soria aspalditik dabil goi mendietan.

∞Lotura duten albisteak: